Urtero bezala, Mendiko Lagunak mendi taldeak jendeak Gorobel mendilerroaren natura-inguruneaz jai-giroan gozatzen jarrai dezan antolatu du ibilaldi arrakastatsu hau.
Aurten, ibilaldi bakarra egongo da, 36 kilometrokoa, baina ibilaldia guztia egin nahi ez dutenek Gorobeleko Menerdiga izeneko atakan bidezidor bat hartu eta zuzenean Goizale aterpera hurbilduko dira, orotara, 26 kilometro eginez.
Ibilaldiari goizeko 7:45-8:15 bitartean emango zaio irteera eta partaideek herriko plazan jaso beharko dituzte kontrol txartelak. Irtenaldia hasi bezain laster, Belandia herrira helduko dira mendizaleak. Belandiatik hego-mendebalderantz jarraituz Aginigara helduko dira eta, jarraian, mendilerro honetako pagadi ikusgarrienetariko bat zeharkatuz, Gorobelera igoko dira eguneko aldapa handienak gaindituz, Menerdiga izeneko atakara helduko dira eta puntu zehatz horretan batzuk Goizale aterperaino joango dira eta besteak Eskutxi, Kobata eta Lalastrillara joango dira. Ibilbide luzea egiten ari direnak ere Goizale aterpera helduko dira.
Aterpean jateko eta edateko aukera egongo da, eta hortik Tologorriko tontorrera hurbildu ostean, Amurriorantz abiatuko dira Barrerilla atakan zehar, Senda Negratik goizean igotako desnibela jaitsiz. Lendoñogoititik, Mendeikara hurbildu eta Amurriora Aiarako Etxegoien herritik bueltatuko dira.
Antolatzaileen esanetan “martxa honen helburua jendeak paisaia eder eta berezi hau ezagutu eta mirestea da, argazkiak egin ditzala edo begira dezala, besterik gabe, guztia txalaparta eta trikitixen soinuaz girotuta. Jendeak ibiltzeko eta gozatzeko nahiekin parte hartzea nahiko genuke, eta ez korrika egitera etortzera, horretarako jadanik baitituzte txapelketa propioak”.
Ibilaldiari buruzko informazio gehiago Amurrioko elkarte honek Jose Pikatza kalean daukan egoitzan astearte eta ostegunetan 19.00etatik 21.00etara eskuratu dezakezue. Aldi berean, www.mendikolagunak.com web-orrian informazio ugari ere aurki dezakezue eta bertan ere ibilaldian parte hartzeko izena emateko aukera dago.