ELKARRIZKETA: Iñaki Aldama mendizale amurrioarra Indiako Nun mendia (7.135 m) igotzen saiatuko da hurrengo abuztuan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Apodaka Saratxo 2010ko uzt. 27a, 09:45

IÑAKI ALDAMA, Mendiko Lagunak mendi taldeko mendizale amurrioarra, Nun izeneko 7.135 metroko mendia igotzen saiatuko da hurrengo abuztuan. Hurrengo ostegunean, uztailaren 29an, hartuko dute  Kaxmirrerako bidea, Indiaren kontrolpean dagoen zonalderako bidea,  hain zuzen, Nun 2010 espedizioa osatzen duten Amurrio, Berriz eta Gasteizko zazpi kideek.

Iñaki Aldama, Mendiko Lagunak mendi taldeko mendizale amurrioarra, Nun izeneko 7.135 metroko mendia igotzen saiatuko da hurrengo abuztuan. Hurrengo ostegunean, uztailaren 29an, hartuko dute  Kaxmirrerako bidea, Indiaren kontrolpean dagoen zonalderako bidea,  hain zuzen, Nun 2010 espedizioa osatzen duten Amurrio, Berriz eta Gasteizko zazpi kideek.

Gauzak horrela, aiaraldea.com komunikazio leihoak espedizio horretako Amurrioko kidea elkarrizketatu du:

Zergatik aukeratu duzue Nun mendia?

Kasualitate hutsa izan zen, aurten mendi garai batera joan nahi genuen eta  bilatzen hasi ginen abuztuan egin zitekeen mendiren bat. Interneten bilatzen,  Nun-Kun mendigunea aurkitu genuen eta uztailetik irailera bitartekoa zen egiteko garairik onena. Guk oporrak abuztuan genituen eta gainera Indian zegoenez herrialde berri bat ezagutzeko aukera apartekoa iruditu zitzaigun.

Alpinista asko joaten dira mendi horretara?

Dauzkagun  argibideen arabera jende gutxi doa mendi horretara, baina batek daki, hara heldu arte ez dugu jakingo.

Zer ezaugarri dauzka mendiak?

Oinarrizko kanpalekutik hasita bi zatitan banatuko nuke mendia. 1.zatian, oinarrizko kanpalekutik (4.200m) bigarren kanpalekuraino (5.400m) ,zailtasun teknikoak ez dira oso handiak, gainera, bigarren kanpalekura heltzeko azkeneko zatian 5 kilometroko lautada bat zeharkatu behar da. 2. zatian mendi aren zailtasunik handienak hasten dira. Bigarren kanpalekutik - hirugarrenera (6.200m) 45-50º-ko elur malda dago, guk Monte Perdidoko ipar aurpegiko korridorearekin alderatzen dugu. Hirugarren kanpalekutik - gailurrera (7.135m) 50-55º-ko elur malda dago eta gailurreko aristara atera baino lehen harkaitzean  III-III+ graduko 40 metroko eskalada egin behar da, hortik (6.900m) gailurrera arista erraz batetatik heltzen da. Ondoren, gailurrera igotzeko egin dugun bidea desegin behar da jaisteko. 

Espedizioan lagunduko dizuen babeslerik lortu duzue?

Zorionez zazpi babesle ofizial ditugu , kide bakoitzeko bat (bakoitzak bere lana). Kamiseta batzuk egin ditugu oroigarri bat edukitzeko eta diru pixka bat ateratzeko, besterik gabe. Eskerrak eman behar dizkiegu orain eta Broad Peak-era joan ginean kamisetak erosi dituzten guztiei.

2007an zuetako batzuek Broad Peak igo zenuten (8.047 metro), eta orduko hartan ekimen bereziak egin zenituzten dirua batzeko?

Aurreko espedizioan kamisetak egin eta saldu genituen dirua ateratzeko. Gainera espediziotik bueltan bideotxo bat prestatu genuen eta hainbat hitzaldi eman genituen. Oraingoan, asmoa berdina da, kamiseta batzuk egin ditugu eta bueltan bideo bat prestatuko dugu grabatutako irudiekin. Gero lekuren batetik deitzen badigute, hara joango gara gure istorioa kontatzera.

Espedizio horri buruzko zer oroitzapen dituzu?

Oso oroitzapen onak ditut. Mendi bikaina da Broad Peak  eta are bikainagoa joan ginen taldea.

Zenbat lagun joan zineten?

Zazpi lagun ginen hasiera batean baina bi ezin izan ziren joan lanagatik eta azkenean bost lagun joan ginen.

Beste zortzi milakorik egingo zenuke?

Beste zortzimilako batera joango banintz galdetzen badidazu, erantzungo nizuke ez dakidala. Dakidan gauza bakarra da aurten Indiara noala eta datorren urteetan batek daki zer egingo dudan.

Aukeratu ahal bazenu, zer mendi igotzen saiatuko zinateke?

Mendi asko daude egiteko eta denbora gutxi guztiak igotzeko.

Mundu osoan ibili zara alpinismoa egiten ezta?

Pirinioek, Alpeek, Andeek eta Himalaiak bidaiatzeko eta jendea ezagutzeko aukera eman didate. Ezingo nuke mendi bat bereziki aukeratu ezta mendikate bat, guztiek  bere xarma daukate.

Zelan zaletu zinen mendira?

Mendiko Lagunak taldeak antolatzen zituen mendi irteeratan hasi nintzen mendira joaten, 18 urterekin. Ez neukan norekin joan mendira eta bertan izan nuen Euskal Herriko eta Piriniotako mendi asko ezagutzeko aukera. Oso giro jatorra dago irteera guztietan eta orain haiekin gutxitan joaten banaiz ere, ahal dudan irteetara joaten saiatzen naiz.

Bitartean, Nun espedizioaren berri izateko aukera dago http://nunmendia2010.blogspot.com/ webgunean.


 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide