Laudioko Udalak Jesuri/Larragorri delako Parke Eolikoaren proiektuaren tramitazioari helegitea jarri dio

Erabiltzailearen aurpegia Jon Apodaka Saratxo 2011ko uzt. 13a, 11:20

Laudioko Alkatetzak atzo bidalitako prentsa- oharrean hurrengoa adierazten du:

Laudioko Alkatetzak atzo bidalitako prentsa- oharrean hurrengoa adierazten du:

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak instalazioa apirilaren 6an baimendu eta maiatzaren 11ko ALHAOn argitaratu ostean, errekurtsoa egiteko epea bi agintaldien arteko trantsizioan suertatu da.  Jakina da aipatu parkeak izango lukeen eremua batez ere Orozkori dagokiola baina Laudioko lurrak ere erabiliko lituzkeela, Elorritxugana eta Zenagortaganatik mendebalderakoak hain zuzen. Alkatetzaren aginduz eta aurreko udalbatzak abiatutako bideari segituta Udalak helegitea aurkeztu du. Bere argudio nagusiak hauexek dira:

-          Laudioko Udal Planeamenduak eragindako lurrak babestu egiten ditu eta mota honetako instalazioak ez dira bertan baimentzen; gainera Araba zein Bizkaiko Foru Aldundiek esparrua interes publikokoa dela aitortu behar du eta ingurumenean duen inpaktuaz eta abarrez plan berezia burutu beharko lukete baina ez dago halakorik.

-          Industria Sailak emandako baimena Lurralde Antolamendurako Artezpideen kontrakoa da, bertan bere paisaia balioak babestu eta abeltzaintzarako mendi-bazkarako gordeak direlako. Era berean, Laudio aldeko Lurraldearen Zatiko Planekin talka egiten du; energiaren kudeaketaz plan horrek dioenaren arabera Jesurikoa ez da inondik inora aurreikusten. Beraz, Zatiko Planaren oinarrietatik kanpo egoteaz gain bere aurka legoke zuzenean. Jesurikoak, bestalde, Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Planean ere ez du babesik lortzen, “miniparke” delakotzat jotzeko ahalegina egin arren ez baitira horretarako baldintzak betetzen.

-          Amaitzeko, Udalak eragindako sektoreek proiektu honetaz duten iritzia bildu ez izana ere kritikatu nahi du.

Gauzak horrela, hemendik aurrera Laudioko Alkatetzak parke eoliko honen gainean zer esana duten guztiekin elkarlanean aritzeko asmoa erakutsi nahi du. Alde batetik Orozkoko Udalarekin; bestetik Zanpazu Bizirik plataformarekin eta azkenik Udaleko alderdi guztiekin ere datozen hilabeteetan Batzorde Informatiboetan edo Udalbatzan eztabaida eta jarrera har dezagun, kontuan hartuz Arabako Foru Aldundian ere gai honen gainean erakutsitako aho bateko jarrera gordetzea inportantea dela.


Laudio ez ezik, Orozkoko Alkatetzako Adie Taldeak proiektuaren tramitazioari helegitea jarri dio gai honi buruz egindako herri kontsultaren emaitzak kontuan izanda eta proiektu honen aurkako talde ekologistek lanean jarraitzen dute proiektua behingoz eteteko nahiarekin.

Ostiral honetan, goizeko 11etan Bilboko La Bolsa eraikuntzan Aiaraldeko eta Euskal Autonormi Erkidegoko hainbat talde ekologistek, Mendizale Federazioek eta bestelako eragileek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan planteatutako proiektu eolikoen berri eta Eusko Jaurlaritzak, Eudel eta Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek hauteskundeak baino lehenago sinatutako paktu eoliko ezkutua publikoki salatuko dute.

Bestalde, ostiralean ere, Aiaraldean Bizi Nahi Dugu, Nerbiogoienan eratu berri den koordinakundeak, pasa den astean iragarritako manifestua plazaratuko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide