Pasa den astean, martxoaren 1ean, hain zuzen ere, Elorritxugana-Arrolako Santa Marina - Jesuri mendigunean eraiki nahi dituzten 8 aerosorgailuen ingurumen-eraginaren adierazpena positibotzat hartu zen.
Gauzak horrela, Guascor Wind SA-k lizentzia eskatu bezain pronto Orozkon, Laudion eta Amurrion eragina izango duten obrak hasiko dira.
Zanpazu Bizirik taldeak, amalurrarekiko eraso berri honen aurrean, mobilizaziora deitu du, eta hurrengo apirilaren 16an, kaltetutako mendigunetik ibilaldi bat egingo du. Apirilean zehar hitzaldiak ere egingo dira, eta Aiaraldeko talde ekologistak erasoen aurrean erantzutera animatu du gizartea.
Era berean, gogora ekarri nahi izan dute “EAEn egun dauden aerosorgailu zaharrak berriengatik aldatuta, gure lurraldean aurreikusi diren hamarnaka zentralek baino energia gehiago lortuko litzatekeela”
“Energia eolikoa ez da jasangarria eta ez da ditugun energia arazoen konponbidea, EAEn ezarri nahi den moduan behintzat ez. Gainera ez dituzte hauek beste proiektuen alternatiba bezala planteatzen; Garoñako zentral nuklearraren, Ziklo Konbinatuko Zentral Termiko berrien eta proiektatutako Tentsio Handiko Lineen ordezko”, adierazi dute.
Elkartekoek ingurumen informazioa babesten duen 27/2006 legean oinarrituz, ardura duten erakundeei aurkeztutako alegazio horiekiko erantzun arrazoitu bat eskatzen jarraitzen dute, oraindik ez baitute jaso. Informazioan oinarritzen den funtsezko eskubideak ez dituzte bermatu instituzioek eta legedia bete gabe informazioa ezkutatu dute, gizarteak jarrera har dezan ekidituz.
Zentral honi ezezkoa emateko arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira: “egindako ingurune-eraginari buruzko ikerketen kalitate eskasa eta balizko eragin guztiak aurreikusteko ezintasuna, proiektatutako zentralen errendimendu energetikoa, alternatiben azterketa eza, tentsio handiaren ezarpenaren eraginak, pista berrien irekitzea, beste zentral eolikoek sortutako eragin sinergikoa, balio handiko gertuko natur zonaldeetan izango duen eragina (Naturparkeak, ZEPA, LIC eta Red Natura 2000), zeharbide ekologikoetan izango duena; hegazti-faunarengan, herpetofaunarengan, kiropteroengan eta landaredian izango duen eragina, eragin geologiko eta geomorfologikoa, hidrologian eta hidrogeologian izango duena, lurzoruan, paisaia-eraginean eta jendartean (arlo ekonomikoan, sozialean eta naturalean) izan dezakeena, bai eta gertuko herri guneetan bizi diren pertsonengan zentral hauek sortzen dituzten osasun efektuak eta balizko aztarnategi historiko, arkeologiko edo paleontologikoetan izan ditzaketen ondorioak ere”.
Gainera eskualdean beste proiektu eoliko batzuk ere ezarri nahi dituzte: Ganekogortan, Gorobelen (Nerbioaren ur-jauzia, Txarlazo, Tologorri, Ungino..) eta Txibiarte-Zanpazu inguruneetan (Gujuli ur-jauzitik gertu) Amurrioko udalerriaren barruan. Izan ere, Jesuriko obrak makro zentral eoliko proiektu baten lehendabiziko pausoa dira.