Aurreko ekitaldian bezala, lehiaketa larunbat goizean izango da, 10:00etatik aurrera.
Boulder Ligaren ekitaldi honetako berritasun nagusia da soilik Araban gauzatzen dela. Aurreko edizioetan Boulder Ligako probak Arrasaten, Durangon eta Oñatin egin ziren.
2011ko Boulder Ligak sei lehiaketa kategoria ditu: emakumezkoen herrikoia, gizonezkoen herrikoia, emakumezkoen elitekoa, gizonezkoen elitekoa eta 18 urtez beherako gizonezkoena eta 18 urtez beherako emakumezkoena . Lau probak egindakoan, kategoria bakoitzeko hiru onenak sarituko dira.
Amurrion, rokodromoa orain!
Bestalde, Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak, Amurrioko Gazte Eskalatzaileekin batera, abian jarri du herrian rokodromo bat eraikitzeko proiektua. Talde horrek (1000 bazkide, eta horien artean 125 mendi eskolan), eskaladaren alde borrokatuz eta kirol horrenganako zaletasuna gazteen artean indartuz urteak daramatza, eta hala eta guztiz ere, orain arte, ez du horretarako instalakuntza aproposik lortu.
Mendiko Lagunakoak trebatuak dira proiektu eta saiakera hauetan, duela lau urte, 2007an, direnak eta ez direnak sufritu behar izan zituztelako gaurko boulder famatua irekitzeko, gaur Boulder Liga bere baitan hartuko duena. Negoziazioak latzak eta luzeak izan ziren Amurrioko Udalarekin.
Proposamena ondo eta positiboki baloratzen da eskualdeko mendizaleen artean, orokorrean, gure inguruetan ugari diren eskalatzaileek ez dutelako eskalada praktikatzeko behar beste leku. Boulderrak bere trebetasuna eskatzen du, zailtasun handikoa delako, eta gainera, eskaladarekin alderatuta nahiko ezberdina da. Eskalatzaileek pareta zuzenagoak eta altuagoak behar dituzte.
Klubaren mendi eskola eta harekin akordioak edo harremanak dituzten eskolak ilusionatuta daude proiektu berri honekin, umatzear dagoen nahia, errealitate bihur dadin.
Nerbioiko arroaren inguru hauetako eskalatzaileak batu egin dira, eta egiten hasi diren batzarretatik Udaleko kirol arduradunei aurkezteko proiektu duina eta osatua prestatzen hasi dira.
Mendiko Lagunak Taldea irrikan dago proiektua aurkeztu eta betetzearekin, baina hala ere, ez dute ahazten aurrekoetan Udalarengandik jasotako ezetzak edo desilusio txikiak. Duela bi urte Udalak egindako kirol egituraren analisiak ez omen du ezertarako balio, eta harez geroztik ez dute jaso horren inguruko berririk, ezta erantzunik ere. Gainera, Udalari taldeko bazkideek boulderra dohainik erabili ahal izateko eskaera egin zioten, beste kiroletako bazkideen antzera, eta horretan ere, ez zuten hitzik jaso.