2010. urtean zehar, Biodibertsitatearen Nazioarteko Urtean hain zuzen ere, udalerriko hezeguneetan atontze lanak egin ziren. Hau dela eta, Euskal Udal Sareak aitortzen duen Udalsarea 21 saria jaso zuen udalak, eta hainbat garapen proiektutan erabiiko ditu irabazitako 3.000 euroak.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaraitza eta Arrantza Sailaren arabera gaur egun indarrean dagoen legedian ez dago definituta “hezegunea” (Uren Legean egiten den aipamen minimoa izan ezik); horregatik, ez da erraza asmatzea gune hauek nola hartu behar diren lurraldearen eta sektorearen planifikazioan. Hezeguneen inguruko bibliografia oso zabala da eta iritzi asko daude guneon definizioaz.
Oro har, “hezeguneak” ekosistema mota bat da, sakonera txikiko ura (berdin geza edo gazia, iraunkorra edo aldi baterakoa) duena; “Hona zer diren hezeguneak: lur zingiratsuak, istingadiak, zohikaztegiak edo ur naturalez zein artifizialez, ur iraunkorrez edo aldi batekoez, ur geldiaz edo dabilenaz, ur gezaz, gazikaraz edo gaziaz estalitako azalerak, itsasbeheran sei metroko sakonera baino txikiagoko itsas urak barne”.
Hezeguneak, garrantzi biologiko handiko ekosistemak dira. Bertan interes zientifikodun espezie ugari bizi dira, anfibioak eta ornogabeak esaterako. Izaki hauen ugalketa aukerak udalerriko hezegunetan oso eskasak ziren orain arte haien habitatak oso kaltetuak zeudelako.
Aipatutako hezeguneak gune hauekiko errespetu falta izandako nekazaritza eta baso lanengatik kaltetuak izan dira. Abere ugaritasunak eta hondakin metakin kontrol-gabekoak gune hauen gainbehera ekarri du.
Egindako lanen artean, baso hezeguneak lehengora bihurtu eta Izartzako uhaska berritu da. Aspaltzan, Bostaretxeta eta Goikomendin hezegune-putzuak atondu eta berriak egin dira.