Udalaren web orrialdean ikusgai da Ondasun Higiezinen gaineko Zergararen ordenantzaren aldaketa (OHZ).
Irailaren 2an indarrean sartu zen Ondasun higiezinaren gaineko zerga araupetzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketa. Aldaketa hori Udalak onetsi zuen uztailaren 22an eta honako berrikuntza hauek agertzen ditu:
- Hobari-portzentajea aldatzen da obra berriak edo obra berritzat har daitezkeen zaharberrikuntza obrak egiten dituzten urbanizazioko, eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko enpresen jardueraren xede diren higiezinentzat, baldin eta higiezina ibilgetuaren ondasuna ez bada. Portzentajea % 50ekoa izango da.
- Hobari-portzentajea 50etik 75era igotzen da azalera eskubidearen erregimenean okupatuta dauden etxebizitza sozialentzat.
- Zergaren kuota osoaren %99ko hobaria ezartzen da berritu daitekeen 3 urteko eperako, etxebizitzarako erabilera baino ez duten higiezinetarako, baldin eta subjektu pasiboaren ohiko etxebizitza bada eta bertan bizi diren familia unitateko kide guztien urteko errenta 18.000 euro baino gutxiago bada. Hobari hori eduki ahal izateko, subjektu pasiboek ezin izango dute izan etxebizitzarako baino erabiliko ez den beste higiezinik. Subjektu pasiboak aldez aurretik eskatuta emango da hobari hori, eta eskatu eta hurrengo ekitaldian sartuko da indarrean. Eskaera aurkeztu aurreko ekitaldian familiak izandako diru sarrerak izango dira kontuan hobariaren ehunekoa kalkulatzeko, eta ez da berriz ere kalkulatuko hobaria jasotzeko epean.
- Zerga honen kuota osoaren % 10eko hobaria ezartzen da, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuak arautzen duen “Etxebizitza Hutsen Programa”ren baitan lagapen xede diren ondasun higiezinetarako. Interesdunak aldez aurretik eskatuta emango da eta lagapenaren ziurtagiria erantsi beharko du.
- Hobari bat baino gehiago izateko baldintzak betez gero, subjektu pasiboari onurarik handiena eragingo diona baino ez da aplikatuko, eta hobarien ehunekoa berdina izanez gero, gehien irauten duena.
- Hiri ondasunentzako zerga-tasa murrizten da, % 0,49tik % 0,25era.
- Familia ugarien titularrentzako hobaria kalkulatzeko, errenta-tarteak % 20 eguneratzen dira eta errenta handienentzako hobaria kentzen da.