Ekintzaz beteriko asteburu honetan, Amurrion larunbatean Ikasle Eguna ospatuko da eta igandean, eskualdean orain dela 24 urte jaiotako Gorobel Ibilaldia arrakastatsua egingo da. Aurtengoan, nahiz eta ibilaldi hau Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldi-zirkuitutik atera, partaidetzak ugaria izaten jarraituko du. Jadanik 1400 pertsona inguruk izena eman dute.
Antolatzaileen esanetan “Martxa honen helburua jendeak paisaia eder eta berezi hau ezagutu eta mirestea da, argazkiak egin ditzala edo beha dezala, besterik gabe, guztia txalaparta eta trikitixen soinuaz girotuta. Azken batean mendia jai-giroan bizitzea da helburua.”
Ez gaude Federazioaren Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituaren kontra, baina, gure ustez, gero eta gehiago dira martxak lehiaketatzat hartzen dituztenak, Euskal Herriko mendi eta txokoak ezagutzeko modutzat hartu beharrean. Hala eta guztiz ere, Federazioak ez du ezer egiten joera horri buelta emateko, eta batzuetan sustatu ere egiten duela uste dugu. Horrenbestez, Mendiko Lagunak MTko Zuzendaritza Batzarrak, bazkideen babesarekin, Gorobel Ibilaldia Federazioaren Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuitutik atera nahi duela erabaki du.
Bestalde, mendi taldeak azaroaren 12tik 27ra antolatuko dituen Mendi eta Naturari buruzko jardunaldien aurkezpena egin berri du.
Jardunaldiekin hasteko, azaroaren 12an, ostirala, "Tajikistan eta Kirgizstan, bizikleta lagun” izena duen euskarazko ikus-entzunezkoa egongo da Koldo Zubizarretaren eskutik. Larunbatean, azaroaren 13an, iaz atzeratu zen Candinan zeharreko mendi-ibilaldi gidatua egingo da. Ibilaldi honetan parte hartzeko jadanik mendi taldearen egoitzan izena eman daiteke.
Azaroraren 19an, ostirala, eskaladari buruzko hitzaldia emango du Adolfo Madenabeitia eskalatzaile arabarrak. Oraingoan, Adolfok Venezuelan irekitako eskaladako azkeneko bidea aurkeztuko du, "Mundo Perdido. Tepuy Acopan” izendatutako ikus-entzunezkoan.
Azaroaren 26an, ostirala, arratsaldeko 19.:30ean, eskola-kirola eta ingurumenari buruzko filmak eskainiko dira Amurrioko Antzokian.
Jardunaldi hauen azken egunean, Felipe Uriarte alpinista gipuzkoarra 1974eko Everestera igotako lehendabiziko espedizio euskaldunaz solastuko da, orain dela hainbat hamarkada eta gaur egun mendietara igotzeko erak konparatuz. Egun berean, hitzaldiaren ostean, Gorobel Ibilaldiko argazki lehiaketaren sari-banaketa egingo da, jardunaldiei amaiera emanez.
Jardunaldiek irauten duten bitartean, herriko Kiroldegian Enrique Navarro eta David Navarro argazkilariek egindako “Aves en vuelo” argazki-erakusketa ikusgai egongo da.