Iaz ez zen Artzain Eguna ospatu, Aldundiak onartu berri duen Otsoaren Kudeaketa Planari abeltzainek egindako boikota dela-eta.
Nahiz eta uztailean aipatutako kudeaketa plana Aldundian onartu eta abeltzainek ia bi urtetan zehar egindako boikotari uko egin, iraileko hirugarren asteburuan ospatu beharko litzatekeen Artzain Egunaren hamazortzigarren edizioa bertan behera gelditu da bigarren urtez jarraian.
Azken urteotan Amurrioko Udala eta abeltzainen arteko harremanak gatazkatsuak izan dira. Azken ediziotean, abeltzain elkarteek ez dute jaiegunaren antolaketan parte hartu eta protesta eguntzat erabili dute, otsoek euren abereengan urtero eragiten dituzten kalteak salatuz. Horretaz gain, aurtengo San Roke egunean ez zen abeltzain azokarik egon, eta animalia exotikoek ardi eta abereen lekua hartu zuten.
Amurrioko Artzain Eguna ardien sektoreko zita garrantzitsuenetariko bat izan da Araban; udalerrian ehundaka abere erakusten ziren. Egun horretan, artzain-lanarekin erlazionatutako tresna eta makinen erakusketa egoten zen, gazta eta ardi jatorridun azokarekin batera.