Hurrengo hilabeteetan Aiaraldeko azoketan abeltzaintza produktuak berriro ere ikusgai izatea espero da. Baina gauzak ez dira normaltasunera hain erraz bueltatuko eta UAGA abeltzainen sindikatuko ordezkari arabarrek aipatu dutenez, hurrengo hilabeteetan egingo diren azoketarako ez dute deialdirik jasoko zenbait udalerritan.
Garai kaskarrak abeltzaintzaz bizi dierenentzat, urte bat baino gehiago boikotean aritu ostean, oraingoan azoketan izaten zituzten erakusleiho apartak berreskuratu beharko dituzte baldin eta etorkizunean abeltzaintzan murgilduta jarraitu nahi badute.
Aurtengo Amurrioko jaietako San Roke egunean, esaterako, animali exotikoen erakusketa batek aspalditik abeltzainek azoka horretan zuten tokia hartuko du, boikota deuseztatu baino lehenago programatutako jarduera baita.
Era berean, Otsoaren Kudeaketa Plana onartzen duen dekretuak abeltzaintzan inflexio puntu bat eragin du, horretan lan egiten dutenentzako buruhauste bilakatu baita. Abeltzain askoren ustetan legedi berriak ez du aberearen eta harrapariaren artean gatazka konponduko, eta Aldundiko nekazaritza diputatuaren dimisioa eskatu berri dute. Gainera, otsoaren kudeaketan hartu beharreko neurrietan ez dutela parte hartuko adierazi dute; ez dute hesi elektrikorik edota uxatzaile dispositiborik jarriko, iraganean ez baitzuten ezertarako balio izan. Halaber, ez dute onartuko ez txakur zaindaririk ez eta erasoengatik izandako galerak estaltzeko laguntza ekonomikorik.
Esanak esan, abeltzainen ustetan boikotaren bidez egindako presioak gizartea kontzientziatzeko eta dekretuan abeltzaintzaren aldeko zenbait arlo zehazteko balio izan du. Horretan dihardutenek, abeltzaintza zabalaren alde eta habitat naturalen defentsan lanean jarraituko dutela adierazi dute.