Uztailaren 8an arratsaldeko 19etan, Amurrioko Kultur Etxean, aiaraldean gaur egun lanean jarduten duten oposizio elkarte eta taldeen arteko mahai-ingurua egingo da.
Antolatzaileen esanetan, “aiaraldean azken urteotan gaitzespen mugimendu ezberdinek aurre egin diete proiektu ezberdinei, gauzak horrela, interesgarria iruditzen zaigu herri talde, elkarte eta arlo honetan lanean diharduten talde eta ordezkari guztiekin batzar ireki eta parte-hartzaile batean elkartzea” .
Mahai-inguru honetan herritar guztiek parte hartu dezakete, nahiz eta elkarte eta plataformen parte ez izan. Azken finean, bertaratukoek eskualdean ukapena jasaten ari duten proiektuen berri eta horiekiko oposizioen arrazoiak entzungai izango dituzte.
Azken hilabete eta urteetan, hainbat dira gure inguruko herrietan herriatarren onespenik jaso ez duten proiektuak, esaterako Gorobelen, Goikoganen eta Jesurin ezarri nahi dituzten zentral eolikoak, Laudion PGOU-a dela eta izan daitezkeen etxebizitza eraisteak, Amurrioko Landako auzoko urbanizazio planarekiko aurkakotasunak eta zalantzak, Laudioko Lateorro auzoko obrekiko zalantzak, Urduña eta Amurrioko Gaztetxeen eza, eskualdeko antena parabolikoen arazo eta ondorioak, Abiadura Handiko Trenaren eragin ezberdinak eskualdean, eskualdeko meatoki planak, Orozko eta bestelako herrietan babestutako etxebizitzen arazoak, Saratxoko saihesbidearekiko oposaketa … eta beste zenbait gertaera eta proiektuotaz arituko dira partaideek.
Solasaldi honetan, aiaraldean ematen ari diren eta eman daitezkeen proiektu eta gertaera ezberdinen berri eman nahi da, guztion artean, koordinazio formula bat bilatuz, azken finean batzuek batek baino indar gehiago izaten baitute.
Orobat, jardunaldi hauek beste batzuen hasiera izatea espero dute antolatzaileek, elkarrren arteko koordinazio eraginkor bat eraikitzea ahalbideratzea, agian etorkizunean webgune komun baten bitartez, aldizkari baten bitartez, jardunaldi ezberdinen bitartez … eskualdeko herritarrak informaturik egon daitezen, baina horretarako hurrengo osteguneko partaidetza ezinbestekoa da.
Aukera ederra aiaraldean gaur egun ematen ari diren arazo eta inposaketei buruzko informazioa jasotzeko, baita guztion artean, eredu baliogabeak ahal dugun heinean eraldatzeko.
Sasien sehaska Kultur Elkarteak antolatu du mahai-inguru hau, Zanpazu Bizirik Ingurumen Plataformaren laguntzarekin.