Urtero legez, uztailean zehar Amurrioko gazteek aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera izango dute. Aurtengo kanpaina, bost eta hamabi urte bitarteko haurrentzat dago antolatuta eta izen emateak ekainaren 10era arte egin ahalko dira herriko Kultur Etxean. Uztailaren 1etik 31ra arte, 10:00-13:30 ordutegian egingo dira antolatutako aisialdi-jarduerak.
Matrikula 50 eurokoa izango da, eta erroldatu gabekoek 100 euro ordaindu beharko dituzte. Bi neba-arreba edo gehiagodun familadunak 45 euro ordainduko dituzte eta hauek erroldatu gabekoak badira, 95 euro.
Aisialdi-jarduera honetan gazteek kirola, jolasak, kantak, tailerrak eskulanak, festak eta igerilekuetara irtenaldiak egingo dituzte. Hamabostero irtenaldiak egongo dira Amurrioko auzo, mendi, lantegiak eta abar ezagutzeko helburuarekin.
Beste aldetik, Aspaltza Euskara Elkarteak ludotekak antolatu ditu ekainan zehar. Ekainaren 7tik 25ra arte.23tik 30ra arte eta 28tik 30era arte izango dira. Jarduera hauek hiru eta zortzi urte bitarteko haurrentzat daude prestatuta eta jolas eta tailerrez euskaraz gozatzeko aukera izango dute partaideek.
Jarduerak eta izen emateak Aiara kaleko 7an egingo dira. Informazio gehiago aspaltza@hotmail.com helbidean eskatu daiteke (helbidea, adina eta telefonoa adieraziz izena eman) edota telefonoz 657 720 655 astearte eta ostegunetan 17:00-18:00 ordutegian deituta. Plaza kopuruak mugatuak izanda, talde txikiak egingo dira.