Amurrioko Udaleko Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, 2010eko maiatzaren 19an, 20an, 21ean eta 22an, 19:30ean, Katekesi Aretoan, hain zuzen ere, Biodibertsitateari buruzko jardunaldiak egingo dira.
Ingurumen Sailak azken urteetako ildoari jarraituz eta Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Urtea dela aprobetxatuz, jardunaldi interesgarriak antolatu ditu.
Komentatu beharra dago Amurrioko Udalak Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako akordioaren barruan antolatu direla jardunaldiok, eta jardunaldien % 80ra, gutxienez, joaten diren ikasleek aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dituztela.
Antolatzaileen esanetan:
“2010. urtea Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Urtea da, biodibertsitatea babesteaz sentsibilizatzeko mundu mailako kanpaina barruan. Kanpainaren xedea da Lurreko bizitzaren dibertsitatea ospatzea eta munduko biodibertsitatean dagoen galerari aurre egitea. Iraungipenaren erritmoa beldurgarria da, erritmo normala baino mila aldiz handiagoa baita. Giza jarduerak eragiten du galera hau eta gorabehera klimatikoek larriagotu egin dezaketela uste da. Kanpainaren leloa honakoa da: Biodibertsitatea bizitza da. Biodibertsitatea gure bizitza da, eta naturak Lurreko bizitza babesterakoan duen funtsezko zeregina azpimarratzen du, baita gurea babesterakoan ere. Kontuan izan behar da biodibertsitatea babestea planeta mailako kezka dela eta tokiko ekintzak egin behar direla. Azpimarratu beharra dago globalizazioak, mundu mailako merkataritzak eta aldaketa klimatikoak presio handiagoa egiten dutela Biodibertsitatean eta presio hori txikitu beharra dagoela. Horretarako, mundu, nazio, autonomia eta toki mailako politikak egin behar dira; gure garapen eredua aldatu beharra dago eta lan egin behar da garapen iraunkorraren alde eta biodibertsitatea babestuko duen lurralde antolamenduaren alde. Amurrioko Udalak urte osoan zehar ospatu nahi du, eta maiatzaren 22an bereziki, Biodibertsitatearen mundu mailako eguna baita. Horretarako, biodibertsitateari buruzko jardunaldi batzuk egingo dira, herritarrei gure inguruko fauna eta florako espezieak gerturatuta. Egunero ikusten ditugun espezieak dira, eta garrantzi handia dute gure ekosistemen orekarako. Espezie biologikoak funtsezko baliabideak dira Lurrean gizateria garatzeko, gure elikagaiak hortik baitatoz, baita gure ondasun eta zerbitzu asko ere, gure garapena bermatzen dute eta ekonomia eta gizarte mailako ongizatea ere bai, baina gero eta presio handiagoa egiten dugu biodibertsitatearen gainean; lurzoruaren erabilera aldatuta habitatak zatitzen, narriatzen eta suntsitzen ditugu. Lurzoruaren erabilera aldatu dugu ekoizpen-sistemak aldatu eta areagotu ditugulako, praktika tradizionalak baztertu ditugulako, katastrofe naturalak gertatu direlako (suteak barne) eta gehiegizko ustiaketak eta kutsadura sortu ditugulako.”
JARDUNALDIEN EGUTEGIA ETA ORDUTEGIA.
ASTEAZKENA, MAIATZAK 19
19.30 – 21.00
Euskal Herrian saguzarrak kontserbatzeko arazoak. ( Euskaraz)
Joxerra Aihartza jn., Biologiako doktorea, Zoologiako irakaslea EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailean.
21.00 – 21:15
Galderak.
21:15 – 22:00
Irteera. Saguzarrei buruzko ibilbide zoologikoa.
OSTEGUNA, MAIATZAK 20
19:30 – 21 :00
Zuhaitz motzak, maneiua eta biodibertsitaterako duten garrantzia.(Erderaz)
Samuel Álvarez Rubio jn. Trepalari arbolazaintza elkartea.
21:00 – 21:30
Galderak.
OSTIRALA, MAIATZAK 21
19:30 – 21:00
Anfibioen egoera Euskadin eta Goi Nerbioi eskualdeko espezie babestuak. (Erderaz)
Alberto Gosá jn. Herpetologiako Aranzadi Behatokiko zuzendaria.
21:00 – 21:15
Galderak.
21:15- 22:00
Irteera. Anfibioei buruzko ibilbide zoologikoa.
LARUNBATA, MAIATZAK 22
9:30: Irteera, elizako autobus-geldiunean.
10:00 – 12:00 Ikustaldia, Goikomendiko zuhaitz motzak.
11:30 – 12:30 Ikustaldia, putzuetara anfibio bila.
13:00 Amurriora itzuli.