Amurrio eta Madrideko beteranoek Bañueta Kiroldegian lehiatuko dira seietatik aurrera.
Askok dira Amurrion herriko saskibaloi honetatik pasa diren amurriotarrak. Neskak, mutilak, emakumeak eta gizon anitz jokatu dute azken urteotan saskibaloira bailaran. Larunbat honetan taldearen 25.urteurrena ospatzen dute eta zilar ezkontzak egunero ez direnez betetzen, jarduera ugari antolatu dituzte biztanle eta bertaratuek saskibaloi festa honetaz gozatu ahal izateko.
Goizean goiz, hamaiketan hain zuzen ere, Baskoniako Aker maskotak umeentzako erakustaldi bat egingo du. Hamabietan, Real Madrideko hiruz-palau jokalari ohiek Zaraobeko saskibaloi jokalariei zuzendutako clinic bat egingo dute. Bazkaldu ostean, ekintzekin jarraituz taldeko emakume beteranoek zehaztu gabeko talde baten kontra lehiatuko dira. Jarraian, eguneko aktibitate nagusiena ospatuko da, Real Madrid – Zaraobe S.T. taldeen arteko neurketa. Antolatzaileek sarrera sinboliko bat ordainduko dute jardueren gastuak ordaindu ahal izateko. Amaitzeko, afari bat ospatuko da Zaraoberi lotuta egondako jendearen artean. Afarian bestelako pertsonek parte hartu dezakate baina guztiak derrigortuta daude aldez aurretik antolakuntzari helaraztera.
Antolatzaileen esanetan Romay, Biriukov, Corbalán, Villalobos, López Iturriaga, Rullán eta Wayne Brabender mailadun jokalariak etorriko dira, batzuk oraindik zehazteko daudelarik.
Orain dela 25 urte, Marco Maroto zuzendari moduan lagun talde batekin batera, gaur egun Aiaraldean erreferentziatzat har daiteken saskibaloi taldea sortu zuen. Gaur egun zortzi talde osatzen dute Zaraobe S.T., seniorretatik – seinetara, gainera saskibaloi taldeko eskolan 4 urtetatik 7 urtetako 30 ume parte hartzen dute. Guztira, 130 jokalari osatzen dute hainbat kolaboratzaile anonimoen lanaz aurrera doan talde apal hau.