Amurrioko mendi taldeak helarazi duenez,
Ekainaren 5ean eta 6an Mendiko Lagunak-ek Kantabriar mendikatea zeharkatzeko aurreneko bi etapak egingo ditu.
Hurrengo etapetan, ekialdetik mendebaldera, Alto Campootik Leitariegosera, Kantabrian, Palentzian, Asturiasen eta Leonen zehar ibiliko gara, polita bezain ezezaguna den mendilerro honetan, bi milako ugari dituena. Gure asmoa asteburuko etapetan zeharkatzea da, duela zenbait urte Euskal Herriko isurialde banalerroan egin genuen modu berean. 15 edo 20 km inguruko etapak izango dira.
Poteseko Picos de Europa aterpetxean hartuko dugu ostatu, pentsio erdian.
Larunbatean goizaldeko 6:00etan irtengo gara eta igandean 17:00ak aldera bueltatuko gara.
Aurreneko etapa 11 km ingurukoa izango da, Alto Campooko eski-estaziotik eta Tres Mares menditik pasatuz, Piedras Luengas mendatean amaitzeko. Igandean 21 km egingo ditugu Cucayo herrixka ederreraino.
Interesdunek Mendiko Lagunak-en egoitzan eman dezakete izena astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara, baita 945025255 telefonora deituta edo www.mendikolagunak.com bitartez.