Hurrengo udazkenean, urtero legez, Amurrioko Juan de Aranoa arte eskolak eskaintzen dituen ikastaroak hasiko dira.
Larunbatetan 9-18 urte bitarteko gazteentzako ikastaroak egingo dira. Ikasturte berrian haurrentzako pintura eskola gehiago emango dira, ordutegia ere zabalduz, eta 4-6 urte bitarteko haurrak arratsaldeko ordutegian, astean bi ordutan zehar, Kultur Etxera hurbildu ahalko dira margotzera. Nagusiek ere parte hartu dezakete arte eskolak eskaintzen dituen ikastaroetan.
Ikasturte berrian, ehungintza patroi eskola berriak emango dira, eta arratsaldetan titakadura klaseak egongo dira.
Ikastaroetan parte hartu ahal izateko, Kultur Etxean izena eman beharko dute interesatuek, baina aurten prezioei dagokienez aldaketa adierazgarriak egongo dira. Udalak 2014. urterako ikastaroen kostuaren erdia estaltzera iritsi nahi duenez, aurten ikastaroen prezioek gehikuntza adierazgarria jaso dute.
Ikastaro garestienak 76 eurotatik 105 eurotara igo dira, merkeenak, ordea, 48 eurotatik 66 euro kostatzera pasa dira. Iaz Amurrion erroldatutako ikasleek %25eko beherapena zuten, aurten, ordea, %20koa izango da. 65 urtetik gorak pertsonek aurten matrikularen prezioaren erdia ordaindu beharko dute eta iaz soilik %30 ordaindu behar zuten. Gainera, ikasturte berri honetan 50-65 urte bitartetako ikasleek ez dute inongo beherapenik izango, eta kuotari dagokion kostu osoa ordaintzera derrigortuta egongo dira klaseetan parte hartu ahal izateko. Familia ugarietako kideek 2009-2010 ikasturtean matrikularen erdia ordaindu zuten eta 2010-2011 ikasturtean, berriz, prezioaren %30eko beherapena izango dute. Azkenik, aipatu beharra dago langabetuek, lehendabiziko aldiz, ikastaroen prezioen %30eko beherapena izango dutela.
Prezio igoera hori Amurrioko Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek, Alderdi Popularra izan ezik, onartu zuten iragan martxoan.