Larunbat honetan, 10.00etatik 14.00etara, Amurrion erroldatutako biztanleek zortearekin zita berri bat daukate Amurrioko Antzokian.
Iragan urteko ekainean Amurrioko Garbiñe Sáez Molinuevo EAJ alderdiko legebiltzarkidea zozketan saritua izan ostean, zalaparta handia sorrarazi dute herrian egindako etxebizitza zozketek. Legebiltzarreko kide horrek urteko 67.000 eurotako soldata omen zuen eta jendeak ez zuen ulertu nola soldata hori izanda etxebizitza babestuen zozketan parte hartu zezakeen. Azkenean, polemika kitatutzat emateko, Garbiñek uko egin zion irabazitako pisuari.
Gauzak horrela, oraingo honetan babestutako 40 etxebizitza zozketatuko dira, sustapen pribatukoak, kooperatiba araubidean eta jabari osotasunean eskuragarriak. Covivi koperatiba eraikitzen ari da parkeko eremu berrian. Sustatzaileak 40 etxebizitza eta 52 garaje eraikitzen ari dira eta obrarako aurrekontua ia hiru miloi eurokoa izan da.
Zozketan parte hartzeko betekizunak babestutako etxebizitzetarako ohikoak izan dira: erroldatuta egotea, gehienezko soldata ez gainditzea …
Azken hamarkadan Amurrio nabarmen hazi da, Abiagabarri, Barrena, Goiena, Gernikako Arbola, Aldaiondo … kaleak herritar askorentzat izenez ezezagunak dira nahiz eta asko igaro izan diren auzo berri horietatik.
Udalak, 2007.urtean Tokiko Agenda 21. Elkarrekin Aurrera goaz txostenean hutsik zeuden etxebizitzen kopurua 1996. urtean 596takoa eta 2001. urtean 434koa zela argitaratu zuen. Hori kontuan izanda, gaur egun Amurrion hutsik dauden etxebizitzen kopurua auskalo zenbatekoa den.
Bitartean, eraikuntza enpresek, krisia dela medio, pixkanaka-pixkanako burua altxatzen ari dira, zortedun gazteek hipotekekin lepora arte jarraitzen dute, gaztetxoek beren jarduerak aurrera eramateko lokala aldarrikatzen jarraitzen dihardute astero eta zorte gabeko hainbat gazte, larunbat eguerdian zortedunak izango direlakotan ametsetan dabiltza gizarte paradoxiko honetan.