Laudioar askorentzat Benito Valbuena López pertsona ezezaguna den arren Laudiorekin lotura berezia dauka, nahiz eta gutxik jakin bertan kontatuko dena.
Benito Cistiernan, Leonen, jaio eta magisteritza ikasketak burutu zituen, herri txikietan irakasle lanak eginez. Irakaskuntza askearen aldeko apustuak II. Errepublikan hedatutako misio pedagogikoetan parte hartzera eraman zuten, bere bizitza markatuko zuen jarrera aurrerakoi bat sortuz.
Gerra Zibila ematean ezkutatu eta ihes egin behar izan zuen, altxatuen aldeko Leon batean jarrera aurrerakoia izateagatik. 1938ko uztailaren hasieran Frantziara joateko nahiak Laudiora ekarri zuen, baserri batera hurbildu zenean.
Bertan Gorbeiarako bideaz galdetu eta babesa hartu zuen, bideari jarraitzeko une egokiaren zain. Baina norbaitek, babesa hartu baino lehenago, Benito Mostaxa menditik jaisten ikusi zuen eta Laudioko Udaletxera zuzendu zen, iheslari bat Laudio inguruan zegoenaren berri emanez.
Herrian, iheslariaren bila joateko asmoz, herritar boluntarioz eta Guardia Zibilez osatutako somaten bat antolatu zen. Somatenak Alketa mendian egin zuen bat Benitorekin eta bertan tiroka hil egin zuten, 1938ko uztailaren 5ean.
Benitoren gorpua asto baten gainean herrira jaitsi zuten, ehiza sari gisara, eta San Martineko hilerrian lurperatu zuten.