II. Errepublikan birritan, 1933 eta 1936an, alkate ardura eduki zuen Florencio Iñarritu frankismoaren erregimenak ahanzturara eraman duen pertsona dela uste dut. Une zailetan izan zen alkate eta erabaki serioak hartu beharrean aurkitu zen, arerio politikoek barkatuko ez zizkiotenak.
Bihotzeko osasun arazoak eduki arren ausardiaz jokatu zuen bere agintaldietan, bere sentimendu abertzaleek markatzen ziotena betez. Esaterako 1934ko udan, udal bilera berezi batean Kontzertu Ekonomikoa defendatu zuenean, zeinaren ondorioz atxilotua eta kargutik kendua izan zen.
Fronte Popularraren amnistia legearen ondorioz Florenciok 1936ko udal hauteskundeetan parte hartzeko aukera eduki zuen, irabaziz.
Horrela uztailaren 18ko estatu kolpearen egoerari aurre egin behar izan zion, Laudioko reketeek Laudioko Guardia Zibilaren arduradunari estatu kolpearen alde jartzeko eskatu ziotenean. Florenciok Udala babesteko agindu zion, estatu kolpearen aldekoak atxilotuz eta Laudio alde Errepublikarrean jarriz.
1937ko ekainaren 18an tropa frankistak Laudion sartu arte alkatetzan egon zen, gerra egoera kudeatzen. Egun horretatik aurrera erbestean, Iparraldean, egon zen 1940ko hamarkadara arte.
1941ean, Erantzukizun Politikoen tribunalak, kargu politikoak hamabost urtez betetzeko ezintasunera eta bost mila pezetetako zigor batera kondenatu zuen.