Euskal lurraldeetan emandako Bigarren Gerra Karlistaren hasieran, sarjentu batek agindutako karlista talde bat, Laudioko etxe batera heldu eta hamabi urtetako ume umezurtza errekrutatzen zutela adierazi zuten. Senideen harridura aurpegiaren aurrean argi adierazi zuten hurrengo goizean herriko plazan ez agertzekotan bere aitite eta anaia herriko plazan gogor zigortuak izango zirela. Aurkezteko unea heldu zenean umea ez zen esandako lekuan azaldu, herriko plazatik hurbil zegoen gune batean ezkutatu zen, karlistek egindako mehatxua beteko zuten itxoiten. Baina karlistek, umea agertzen ez zela ikusita, aitite eta anaia herriko plazara eraman zituzten eta hauek jipoitzera zihoazenean umea ziztu bizian hurbildu zen.
Arabar tertzioetan sartuta Jurramendiko guduan borrokatu zuen lehen aldiz, fusil eta baionetarekin. Posizio liberalen kontrako lehen erasoan bateria bat lortu zuten eta baionetak erabiliz pertsona batzuk hil zituen, liberalen tiroek aurrera egiteko aukera oztopatuz. Atseden une horretan babestutako inguru batetara hurbildu zen bere beharrak egiteko eta gertatutakoaren inguruko gogoeta egiteko. Bere horretan zegoela susto ikaragarria hartu zuen, ezkutatutako ofizial liberal bat ikusi zuenean. Ikustearekin batera fusila altxatu eta baioneta sartzeko gogoa eduki zuen, baina ofizial liberala belauniko jarri eta ez hiltzeko erregutu zion.