Istorio honen lehen zatia irakurtzeko klikatu hemen.
Gudalozte karlistetan borrokan zebilen ume laudioarrak ofizial liberalaren bizia barkatu ondoren, beste karlistek hil ez zezaten, hau kupel batean sartu eta zelaian behera bultzatu zuen, gerra eremutik urrunduz. Ume soldadua pozik zegoen ekintza on bat burutu zuelako, baina bere barruan galdera batzuk sortu zitzaizkion: beste karlista batek egindakoa ikusiko zuen? Kupelarekin zer gertatuko zen? Alderantziz izan balitz ofizial liberalak bizia barkatuko zion?
Umeak gerran borrokatzen jarraitu zuen, ofizial liberalaren gertakaria ahaztuz, eta gerraz nazkatuta birritan ihes egiten saiatu zen. Saiatu zen, baina ingurua ezezaguna zenez bietan soldadu karlistekin topatu eta galdu zelaren aitzakia erabilita bere unitatera eraman zuten. Bere unitatera bueltatuta liberalen posizioak eta ingurua behatzen hasi zen eta ziur egotearekin batera hirugarren ihesaldiari ekin zion. Oraingokoan liberalekin aurkitu zen eta atxilotuta frontetik urrun eraman zuten, Lizarrara.
Lizarran, atxilotuta zegoela, soldadu liberal batek “Jeneralaren aurrean lerrokatu zaitezte!” oihukatu eta presoak lerroetan jarri ziren, zer gertatuko zen jakin gabe. Jenerala, presoen aurpegiak begiratuz, lerroetatik pasatzen hasi zen, gure umearen aurrera heldu zen arte. Une horretan gelditu eta “hau nire bulegora eraman” esan zien soldadu liberalei. Gure umea beldurtuta zegoen, berarekin zer egingo zuten ez zekielako. Jeneralaren aurrean zegoenean honek zera esan zion umeari “ez dakit nola deitzen zaren ezta nor zaren, baina argi dudana da zure aurpegia ezingo zaidala ahaztu”. Elkarrizketan atera ziren kontuekin umea berehala konturatu zen bizia barkatu zion pertsona zela jenerala, biak besarkada bero batean batu zirelarik.