Garellanoko soldaduak agurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Jon Muñoz 2016ko mai. 15a, 00:00

Gaurkoan, 1921eko urriaren 1ean, Rifeko gerran borrokatzera zihoazen Garellanoko soldaduek gure inguruetako hiru tokitan jasotako agurraren inguruko detaile batzuk ematen saiatuko naiz.

Goizeko zazpi eta erdiak inguruan lehenengo trena Aretatik pasa eta auzokide batzuk tren geltokira hurbildu ziren, soldaduei agur esatera, bereziki beraien artean zegoen auzokide bati. Herritarren artean sortutako zirrararen ondorioz, bigarren trenari ongi etorria ematera jende  gehiago hurbildu zen, baita Laudio erdialdetik joandako jendea ere. Tren horretan ere beste auzokide bat zioan eta animoak ematearekin batera senideek maitasun adierazpenak egin zizkioten. Trenaren leihoetatik soldaduek herritarrei egarria zutela adierazi zietenean azken hauek  urez betetako ontziak gerturatzen hasi ziren, soldaduek zituzten katiluen artean banatuz. Agurrean parte hartu zuten herritarrek, beren auzokide soldaduen aldeko dirua batu zutenez hauei eman zieten. Trenak alde egitean geltokian bildutakoek beren mukizapiak atera eta soldaduei agur egiten hasi ziren, azken hauek trenaren leihoetatik eskuekin agurtzen zituzten bitartean.

Amurriotik pasatzerakoan Acha likore fabrikak hamaika likore kutxa oparitu zizkien soldaduei, keinu horren aurrean soldaduak “Gora Amurrio” oihukatzen hasi zirelarik. Urduñako Udalak agur berezi bat antolatu zuen soldaduentzat tren geltokian. Urduñako alkatea buru zuen segizio batek eta urduñarrek suziriak jaurtiz eta udal musika bandaren akordeekin eman zieten ongi etorria trenean zihoazen soldaduei, soldaduen egarria asetzeko urez betetako upel bat jarri zutelarik.  Alkateak hitz batzuk esan eta gero soldadu urduñarrei  Udalak erabakitako diru kopuru bat banatu zien. Geldialdi labur horri amaiera emanda, Garellanoko soldaduak eramaten zituen trenak Madrilerako bidaiari ekin zion.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide