Azken hamarkada honetan memoria historikoaren inguruan aurrerapauso nabarmenak egin dira gure eskualdean eta inguruko herrietan, bai gizabanakoen zein elkarte edo udal batzuen eskuetatik (norbait kanpoan uztearen beldurrak izen zehatzak ez aipatzera eramaten nau). Lan bakoitzak memoria hori lantzeko bere estilo propioa eduki arren, guztion helburua bera izan da: Guda Zibilean gertatutakoa ahanzturatik ateratzea eta gizarteratzea.
Guda Zibilaren inguruan idatzitako historia ofiziala -hau da, garaileek idatzitakoa- mantendu nahi dutenentzat memoria historikoa zauri zaharrak irekitzen dituen egitasmoa da. Aldiz, urteetan mina isiltasunean eraman behar izan zutenentzat, galtzaile atera ziren errepublikanoentzat eta euren senideentzat, irekita dauden zauriak sendatzeko aukera da. Azken-finean, memoria historikoak, aitortza ematen die altxatuek deabru modura irudikatu zituzten horiei eta falta den historiaren atala osatzen laguntzen du.