IRITZIA

Zeroaren atzean ezkutatzen dena

Erabiltzailearen aurpegia Jon Muñoz 2026ko uztailaren 6a

'Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat' lemapean aurreko astean Donostian egindako elkarretaratzea. / Euskalgintzaren Kontseilua

Azken asteotan USaPeko ohiko deialdian Euskara eta Literatura II azterketan ikasle batzuek jasotako zero borobilek eztabaida zabala piztu dute. Ordea, emaitzen inguruko titular potoloen, sare sozialetako zalapartaren eta mugimendu interesatuen atzean itzal ugari geratu dira argitu gabe. Asko dira aipatu gabe utzi nahi izan diren kontuak eta komeni da, aparra jaisten denean, sakoneko urak aztertzea, zarata mediatikoa eta juridikoa errealitate deseroso bat estaltzeko baino ez baita baliatu.

Zeroko emaitza horiek ez dira kasualitate hutsa, hamarkadetako ibilbide linguistiko baten eta hezkuntza-sistemak duen hizkuntza ereduen egiturazko mugen ondorio zuzena baizik. Arazo honen jatorria ulertzeko, ezinbestekoa da unibertsitatean sartu aurreko Euskara probetan urteetan izandako bilakaerari begiratu bat ematea. Atzera eginez gero, 90eko hamarkadan zehar, A ereduko eta B, D ereduetako euskara azterketak erabat ezberdinak ziren. A eredukoa nabarmen errazagoa zen, ikasle horien errealitate linguistikoari egokitutako zerbait, baina baita euskararen jakintzari zegokion adierazle bat ere. Aldiz, 2000. urte ingurutik aurrera, hizkuntza ereduetako Euskara azterketak berdintzea erabaki zen. Erabaki hark, ordea, tranpa txiki bat ekarri zuen berarekin: A ereduko ikasleen euskara maila baxua disimulatzeko Euskara azterketa errazegia izatea urteetan zehar. Itxurakeria horrek, ordea, iraungitze-data batekin topatu dela dirudi, aurtengo USaPeko proba.

Euskara eta Literatura II azterketa pixka bat estutu denean, emaitzek agerian utzi dute urte luzez ezkutatu nahi izan den arazo bat, A ereduaren gabeziak euskalduntze prozesuan

​Euskara eta Literatura II arloko irakasleek urteak zeramatzaten probaren eredu zaharkitu hori aldatu nahian, Gaztelania eta Literaturako azterketaren eredura hurbiltzea eskatuz, ebaluazio konpetentzialago bat bermatuz eta hizkuntzaren ezagutza sakonagoa eskatuz. Bada, aurten aldaketa horietako batzuk txertatu dira azkenean Euskara proban, eta zer gertatu da? Ispiluak errealitate gordina erakutsi digula. Agerian utzi da askotan eta ozen esan dena, nahiz eta Hezkuntza Sailetik entzun nahi ez izan: A ereduak ez dituela ikasleak euskalduntzen eta eredu horretako ikasle asko euskara maila benetan baxuarekin ateratzen direla, bai Derrigorrezko Hezkuntzatik, baita Batxilergotik ere. Euskara eta Literatura II azterketa pixka bat estutu denean, emaitzek agerian utzi dute urte luzez ezkutatu nahi izan den arazo bat, A ereduaren gabeziak euskalduntze prozesuan.

​Baina, ohi bezala, sistemak eta errealitate gordin hori onartu nahi ez dutenek beren burua babesteko mekanismoak martxan jarri dituzte. Zerodun ikasleen emaitza eskas horiek justifikatzeko, presaka erantzule bat bilatu nahi izan dute, eta herritarron arreta desbideratu. Arreta desbideratzeko estrategia horretan, Hezkuntza Saila beren tranpan erori da eta bere erantzuna tamalgarria izan da. Arazoaren benetako muinari ez dio heldu nahi izan, eta zeroen zergatia sakon aztertu beharrean, errudunak bilatzeko joera hartu du, sortutako egonezina baretzeko sakrifizio gisa Euskara eta Literatura II azterketaren bi zuzentzaileren burua plater batean eskainiz. Babesa eta laguntza eman beharrean, Hezkuntza Sailak bizkarra eman die probaren zorroztasuna bermatu duten profesionalei eta EHUri.

Euskara eta Literatura IIko proben irakasle zuzentzaileei elkartasuna eta babes osoa adieraztea baino keinu hobeagorik eta premiazkoagorik ez dago, ezin delako onartu profesionalen zilegitasuna zapaltzea hezkuntza ereduen egiturazko arazoak estaltzeko

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide