Euskaldun "berriak"?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urkijo Elortegi 2015ko urr. 29a, 10:28

Ikuspuntu identitario, sozial, linguistiko eta kultural batetik begiratuta, euskaldunak, modu partzialean edo osoan, Euskal Herriko biztanle gehienak gara. Badira ere espainol eta frantses ugari, eta horrez gain Hego Amerikatik zein Afrikatik Euskal Herrira etorritakoak.

Euskaldunen nahia, Euskal Herriko estatua, euskararen eta euskal izaeraren babesa eta garapena dira, eta bide horretan, euskaldunak ez direnak euskalduntzea ezinbestekoa da.

Dudarik gabe, badira haien identitatea partekatu eta euskaldun ere izan nahi duten ez-euskaldunak eta badira euskaldun izan nahi ez dutenak ere. Lehenengo kasuan euskalduntze prozesua, zailtasunak egon arren, errazagoa izango da; euskaldunen transmisio gogoek eta hasieran euskalduna ez den integrazio grinak bat egingo dutelako.

Hego zein Ipar Euskal Herriko euskaldunon subkontzientean badugu euskalduna «sortu» dena «euskaldun (zahar)» eta ostera, euskaldun identitatean murgildu dena «euskaldun (berria)» izendatzeko ohitura. Uste dut, mundu osoan horrelako bereizketa egiten dugun bakarrak garela euskaldunak.

Euskaldunen hizkuntza ikasteak, gainerako hizkuntzak ikasteak bezala, ahalegin eta lan handia suposatzen du. Ahalegin horren guztiaren fruitua «euskaldun berria» bilakatzea da? Zergaitik berria eta ez soilik euskalduna?

Ni euskalduna naiz, eta hizkuntza-ezagupenari dagokionez euskalduna, gaztelaniaduna, eta hein batean frantzesduna eta ingelesduna ere bai. Ez naiz gaztelaniadun “berria”, frantzesdun “berria” edota ingelesdun “berria”.

Zergatik izango da Euskal Herrira datorren eta euskara ikasi duen Japoniarra, japoniarduna eta euskaldun "berria"? Zergatik ez japoniarduna eta soilik euskalduna?

XIX. mendeko bigarren erdian eta XX. mendeko lehenengo erdian, arraza zuriak gainontzeko arrazekiko zuen nagusitasuna frogatzeko hainbat iritzi artikulu eta lan-zientifiko argitaratu zituen.

Ideia hauen garapenak eta onarpenak ekarri zuen zoritxarrez, Treblinkarako zein Chelmnorako trenetan entzun ziren garraxiak edota Ipar Amerikako kotoi-landare zein Hego Amerikako kautxu-zuhaitz ustiaketetan egon zen esklabutza, adibide gutxi batzuk aipatzearren.

Orduko euskaldun batzuek ere garaiko delirio kolektiboarekin bat egin zuten. Horrela, Sabino Aranak, euskal abizenen eta RH odolaren teoria idatzi zuen, ariar arrazari buruz beste batzuk izandakotik gertu, lehen eta bigarren mailako euskaldunak bereiziz.

Dudarik gabe, garaiko erokeriak eta nik aipatzen ditudan ñabardurak ezin dira alderatu. Ez ditugu euskaldun ”berriak” xingolarekin markatzen Alemanian “ezberdinak” zirenekin egiten zuten bezala.

Dena den, benetan iruditzen zait euskaldun “zahar” eta euskaldun “berri”-en egungo bereizketa Aranaren tesi arrazisten herentzia hutsa dela. Hau da, euskaldun “zaharrak” euskaldun “berriak” baino euskaldunago sentitzen direla hein batean. Penagarria da baina ez dut uste kasu batzuetan guztiz gezurra denik (adibideak denok ezagutzen ditugu).

Gainera, euskalduntzen ari den batentzat bigarren mailako sentitzea ere ez da atsegina izango, eta horrek bere integratze prozesua moteltzea edota gelditzea ekar dezake, bere buruarengan konfiantza gutxi izanez gero.

Bukatzeko, galdera hau datorkit burura. Balizko Euskal Estatua lortuko bagenu, bertako biztanle komunitate nagusiak, hasiera batean, euskaldun “zaharrak”, euskaldun “berriak” eta ez-euskaldunak izango lirateke? Edota soilik euskaldunak eta ez euskaldunak?

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide