Ikastolan euskerari gorazarre egiten genion Aitorren hizkuntz zaharra abestia a cappella denok batera abestuz, bikaina zen.
Harro oihukatzen genituen “munduaren aurrean gizonki azaldu” eta “biraorikan ez duen hizkuntza garbia” bezalako perlak, euskera sakratua baitzen. Munduaren aurrean emakumeak gizonki azaldu? Berriki agur jaunak abestia moldatu dute, agur jaunak eta andreak jarrita; ez da hasiera txarra.
Bestalde, euskerak biraorik ez duela esatea irrigarria da guztiz; euskera zer da ba, jainkoen hizkuntza?
Orain txoznetan urde sasikumeak boterean daudenak (Etsaiak), behinola subnormalak etorri ziren (Berri Txarrak), nazka ematen dute (Su ta Gar), kakazko urte bat izan zan (Jousilouli), askoz hobe nago zu gabe (Ze esatek)... bezalako abestiak entzuten ditugu. Txineraz?
Euskera ahalik eta gehien garatzeko inolako konplexurik gabe erabili behar dugu, egunerokotasunean, komunikabideetan, administrazioan zein argitalpen teknikoak idazteko, beste edozein hizkuntza bizi bezala.
Euskera zerutik kalera jeitsi behar dugu, bere birao eta guzti. Garaziren hizkuntza berria erabil dezagun!