Higerreko itsasmuturretik Auñamendietaraino, bada urez, basoz eta mendiz osatutako alegiazko hesi bat, mendeetan euskaldunak administratiboki, linguistikoki zein monetarioki bortxaz banatu gaituena.
Euskaldunak bereizten gaituen hesi hau ez da, nahiak-nahi, epe motzera eroriko; horretarako baldintzak ez dira egun existitzen. Hori ez zait larritzekoa iruditzen, historia dinamikoa delako eta denboraz baldintzak sortuko direlako.
Niri, egungo gizartearen bilakaera ikusita, beldurra ematen didana da baldintza horiek egongo direnerako egun hesia dena benetako muga bat izango dela.
Hau da, hain izango dugula barneratua batzuk “Frantzesak” eta besteak “Espainolak” garela ezen, Saratik Zugarramurdirainoko distantzia handiagoa izango dela Hendaiatik Roubaixerainokoa edota Irundik Tarifarainokoa baino.
Euskal estatua sortzea posible dela sinesten dugunok, gaurdanik hasi behar dugu, gure inkontzienteetatik hasita, biharko Euskal Herri hori nolakoa izango den irudikatzen.
Horretarako, aitzin ariketa sinple bat proposatzen dut: muga Bidasoan edo Alduden baino, Atturrin eta Eskiulan kokatzea.