Inuxenteak, gaur bakarrik?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urkijo Elortegi 2015ko abe. 28a, 18:32

2015eko gabonak, urtats gauaren edo gabonzaharraren faltan, etorri diren bezala joan dira, ziztu bizian, konturatu ere egin gabe. Familian elkartu gara, bapo jan eta edan dugu, opariak banatu ta zabaldu, ta listo. Urteroko errutina. Aurtengo kasuan gainera, eguraldiak ez du norbere burua abenduan projektatzeko aukera handirik eman ere egin. 2016ean hego hemisferioan bagina bezala sartuko gara, udatik negutik baino gehiago duen tenperatura goxoekin.

Gabonez gain, abenduko agenda oparoa izan ohi da Euskal Herrian. Baditugu gureak diren Durangoko azoka edota Santo Tomas zein gureak ez diren baina gutakotzat hartu ditugun Konstituzioko zubia edota “El Gordo” loteria, adibide batzuk ematearren. Ahaztu gabe eskia (aurten gutxi), abenduaren 25etik 31ra dagoena eta urtarrilean “erregeak” eta beherapenak datozela. Batuketak egiten hasita ez dira gutxi. Iarduera hauek guztiak ezberdinak dira helburuei dagokienez; batzuk adibidez kutsu erreibindikatzailea dute, eta beste batzuk ordea gure poltsikoak aberasteko xede hutsa. Komunean ordea badute denek aspektu bat; kontsumoa eta diru xahuketa.

Euskal Herriko langabezia tasa (7 probintziak kontuan hartuta) %15 ingurukoa da egun, gutxi gora behera 2007koaren bikoitza, eta epe honetan gainera, batez ere Hego Euskal Herriko probintzietan, langileen lan baldintzak eskastu eta soldatak izugarri jeitsi dira. Aldiz, eguneroko bizitza garestitu egin da. Nola da posible orduan, aurtengo Durangoko azokako (Euskal Kulturaren 5 eguneko Corte Inglés erraldoi hutsala bilakatzeko arrisku handia hartu duena), “El Gordo” loteriako zein Gabon egunetako (jaki, edari eta opariak kontuan hartuta) Euskal Herritarren gastuak (Hegoaldekoak bakarrik kasu batzutan) eta 2007koak konparagarriak izatea? Nola da posible askoz ere pobreagoa den egungo gizarteak orain dela 8 urteko gizarte “aberatsagoak” beste diru xahutu izana?

Baten batek pentsa lezake garai ilunei argitasun pixka bat jarri behar zaiela, dirua ez dela hain garrantzitsua, pertsonen zoriontasuna diruaren gainetik dagoela. Guztiz ados egon naiteke diskurtso horrekin, garaiak latzak dira eta hortzak erakutsi beharrean gaude, depresioak ez gaitzan harrapatu. Iruditzen zait gainera gabonek bere lekua izan badutela; on egiten du urtean behin familia otordu goxo baten inguruan elkartzeak eta opari sinple batzuk elkar-trukatzeak. Ez dut uste ordea gure pobreziaren eta lan prekarietatearen erantzule zuzenak diren estatua eta enpresariak abenduro-abenduro gure kontura aberasten jarraitzen jarraitu behar dugunik. Izan ere, eta konturatu ere egin gabe, patronalaren eta boterean dauden eskuineko politikarien diskurtsoa hitzez-hitz bete dugu aurtengo gabonetan EHko biztanleek. Krisitik atera egin gara, datu makroekonomikoek adierazten dute gure ekonomia hazten ari dela, etab. bezalako gezurrak irentsi eta inuxenteak bezala joan gara gure kontu korronte erdi hutsak oraindik eta gehiago hustera. Otsailetik aurrera etorriko dira komeriak…

    

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide