Ideologia terminoa, gaur egun ezagutzen dugun bezala, Destutt de Tracy filosofo eta politikari frantzesak agertu zuen lehendabizi, Frantziako Iraultzaren testuinguru istorikoan argitaratutako artikulu multzo batean. Ideologia hitzaren definizioa oso zabala da, baina laburbilduz, pertsona, talde edo garai bat ezaugarritzen dituen ideia nagusien multzotzat har daiteke. Ideologiak dimentsio ezberdinak barneratzen ditu: dimentsio kognitiboa edo dogma (hau horrela da, hau ez da horrela), dimentsio morala edo baloreekin lotua (ongi da, gaizki da) eta arau-dimentsioa (hau egin behar da, hau ez da egin behar).
Funtsean, ideologia nagusiak, komunismoa, sozialismoa, liberalismoa eta kapitalismoa, ekonomiarekin eta aberastasunaren banaketarekin erlazionatuta daude. Lehen biek aberastasunaren banaketa justu eta solidarioa defendatzen dute, eta boterea estatuaren eta langileriaren eskuetan egon behar dela. Besteek, jabetza pribatua defendatzen dute, eta boterea esku pribatu gutxi batzuren esku egotea. Printzipioz, komunismoa eta sozialismoa, liberalismoa eta kapitaslimoa baino justuagoak dira, pertsona guztiek aukera eta eskubide berdinak ditugulako bizitzari aurre egiteko.
Badira beste ideologia batzuk, Faxismoa edota Populismoa kasu, gizartearen identitatean oinarritzen direnak nagusiki. Hauetan, pertsona multzo baten arraza, erlijio edota nazio-nagusitasuna gailentzen da ezeren gainetik, eta multzo horretatik kanpo direnak baztertuak eta diskriminatuak dira. Adibide batzuk ematearren, 1933tik 1945rako Alemania (Deutschalnd über alles, Alemania edozeren gain) edota 1939tik 1975erako Espainia (una grande y libre, ez du itzultzeak merezi) ditugu.
Euskal Herriaren, Katalunyaren edota Kortsikaren nazio-askapen egarriari aurre egiteko estatu Espainiarrak eta Frantzesak erabiltzen duten argudio nagusia, abertzaletasuna eta nazio-identitatea Faxismoarekin lotzea da. Hau da, haien arabera, hiru nazio hauetako abertzaleak Faxistak dira, ez dituztelako bertan bizi diren Espainiarren eta Frantzesen eskubideak defendatzen, baztertu egiten dituztelako. No comment.
Zorte ona eta txarra uztartzen ditugu Euskaldunok, Katalanek, Kortsikarrek, Eskoziarrek, Galesek, Bretoiak eta Irlandarrek. Zorte ona, XXI. mendean oraindik bizirik irauten dugulako, ez gaituztelako menperatu, eta ez dutelako inoiz lortuko! Guk ez dugu inor baino gehiago izatea eskatzen, garena errespetatzea soilik eskatzen diogu munduari. Gu ez gara ideologia bat, ez gara dogma bat, gizon-emakumeak gara, haur, gazte heldu eta zaharrak, eta gure arbasoen bidetik jarraitu nahi dugu, gure mendiak usaintzen, haizea, euria eta ibaietako uraren hotza sentitzen, funtsean, gure lurrekin sintonian, guk nahi dugun bezala bizitzen.
Ikaragarria da, baina gu gara munduaren jabe izan ziren inperio Espainiar, Frantzes eta Britainiarraren azken koloniak (Ceuta, Melilla eta karibeko zein polinesiako uharte galdu batzuk salbu), eta noski, ez digute hain errez beren mugetatik joaten utziko. Haiek badakite gu ez garela haiek bezalakoak, Amerikako, Afrikako, Asiako eta Ozeaniako biztanleak izan ez ziren bezala, baina gogorregia zaie onartzea haien imperio maiteak, behinola “handiak” izandakoak (handiak, zoritxarrez historiak inoiz epaituko ez dituen hiltzaile kuadrilla ez deitzearren) depresio sakon batean murgilduta daudela, dekadentzia ekonomiko, politiko eta sozial ikaragarri batetik ezin aterata.
Gu ordea, XXI. mendera bizirik iritsi bagara, ez dudarik izan, laster baino lehen mapa ofizialetan agertuko gara, gu zanpatzen saiatu diren horiekin muga egiten, harro, irribarretsu eta behingoagatik, bakean.