“Europe’s living a celebration, todos juntos vamos a cantar”. Beste behin “kantada” handia egin du Espainiako sektore atzerakoienak Euskal Herriaren kontra duen gurutzada patologiko amaigabean. Europako gorte eta tribunaletan (baina batez ere Euskal Herrian) ukatzen zaiona Eurovision bezalako telebista-plataforma atzerakoi/fartsa batean mendekatu nahi izan du, eta, batek daki zer argudio erabilita, Ikurriña ikur ez-legal bezala agertzea lortu du. Komikoa izan da PP-koek Ikurriñaren alde egindako defentsa, jakinda beren aurreko belaunaldiak 40 urtez debekatua izan zuela, eta Nafarroan, orain dela ez gutxira arte ezin izan dela udaletako balkoietan eskegi.
Ez da ulergarria Euskal Herriko ikurra agertu izana eta ez Kataluniakoa adibidez, ez da
logikoa, baldin eta, mendeku eta perbertsio perspektiba batean kokatzen ez baldin bada afera. Hau da, hau ikusita ematen du Europako estatuek estaturik gabeko herriekin duten gatazka historikoaren muina Euskal Herria dela, eta edozer egingo dutela Euskal Herriak bere bidea bere kabuz egin ez dezan. Katalunia eta Flandria adibidez, askoz ere aurreratuagoak daude gu baino estatu izateko bidean (hizkuntza ardatz hartuta ez da kolorerik), baina haiei buruz hitzerdirik ez. Batzuk egiten duten Euskal Herria-Indarkeria lotura hori ikusita ere ez da logikoa Eurovisionen hautua, ze, inork ezer esan ez badu ere, Esvastika ez da zerrendan agertzen, eta bera izan da eta oraindik da, Europaren historian indarkeria fidelen errepresentatu duen Ikurra.
Europaren lagun den Israeli ere mesede handia egin dio Eurovisionek, Palestinako ikurra (Nazio Batuen Erakundeak onartzen duena) debekatuta, eta Errusiari zaplastekoa eman, Ukrainiako gatazkarekin lotutako Krimeako eta Donetskeko Errepubliken ikurren debekatuta. Sinestekoa ez den arren, gerra hotzaren mamuak oraindik bizirik dirau Europako bihotzean Berlingo harresia erori zenetik 25 urte pasa ondoren.
Orain dela 30-40 urteko testuinguru historikoan gertatu izan balitz 2016an gertatu dena jendearentzat hein batean ulergarria zatekeen ikurren afera, justifikagarriagoa behintzat bai, Euskal Herria eta Palestina bi puntu bero zirelako Herrien borrokan, eta Europako Ekialde guztia Sobiet Batasunaren menpe zegoelako. Europa kinka larrian dago egungo mundu globalizatuan, merkatuek eta langabeziak itota dute, xenofobia eta homofobia goraka doaz, giza-miseria ere bai (tratu txarrak, biolentzia, droga kontsumoa edota eskola-porrota), eta hala ere, aintzinako beldurrak gainetik kendu ezinik jarraitzen dute batzuk, obsesionatuta, errealitate birtual batean bizirauten.
“Europe is living a celebration, todos juntos vamos a cambiar” abestuko duten urtean, inoiz gertatzen bada, ikusiko dut Eurovision. Bitartean, there’s nothing to celebrate in Europe.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide