daukazuna bazara orduan ez daukazu ezer, daukazuna baino ez; dena duzu galtzeko laguna, dena duzu galtzeko.
Esaldi hauen errenkadarekin bukatzen da Berri Txarrak-en azken diskako bele erraldoia kantua: sinple
bezain gordin, ezin zuzenago. Maiz, bizitzari lotutako gauza konplikatuak esateko dugun zailtasuna
askoz ere hobeto adierazten dute hitz bakun batzuk galankeriaz eta metafora amaigabeez ornitutako
eleberri luze batek baino. Testu luzeetako esaldietan galdu egin gaitezke edota gure buruak nahi eran
interpreta dezake irakurtzen/entzuten ari dena, eta horrela, hartzaileak jasotzen duen mezua eta
igorleak bidaltzen duena oso urrun egon daitezke elkarrengandik. Aldiz, mezua zuzena denean, hitz
bakoitza bala bat bilakatzen da, garunera inolako filtrorik gabe sartzen dena, izkutu psikikorik
jartzeko aukerarik ematen ez diguna, eta hartara, munduaren aurrean biluzten gaituena.
Eguneroko arazoei diren bezala aurre egiteko heziak izan ordez ordez, berauek alfonbrapean
estaltzeko estrategia antzuak garatzen erakusten digute mundu prefabrikatu honetan. Sistema
kapitalistak, oso era perbertso batean, gizon/emakume “idealak” jarri ditu altare baten gainean
(askok arazo psikologiko eta adikzio problema ikaragarriak dituztela komentatu gabe, hori ez delako
hain “guai”a), eta beste guztiak, hau da, biztanlegoaren %99.99a, bigarren mailako pertsona bezala
jarri gaitu. Gu ez gara eta ez gara inoiz izango cool, ez dugu hegazkin probaturik, gure urteko soldata
batzuen eguneko soldataren berdina da, ez gara fisikoki perfektuak, ezta psikologikoki ere,
egunerokotasunari irriparre ttiki bat ateratzea zaila da etxea edozein unetan galtzeko arriskupean,
etab. luze-luze bat. Funtsean, puta mierda bat gara, eta puta mierda bat izateari uzteko gure bizitza
gauzaz bete behar dugula sinesteko puntura iritsi garenaren irudipen tristea dut.
Zoriontasuna/zoriontasun eza dugunarekin lotuarazi digute (bikote, auto, lagun kopuru, etxe, lansari,
familia edota urteko bazkari-kopuru), barruan duguna eta hots, garena, guztiz ixilaraziz. Ezin
dugu izan, behar dugu eduki, proposatzen digutena erosiz gure zakua bete; zakua geroz eta beteagoa egon orduan eta hobeto. Cool ez baina beharbada “el puto amo bilakatuko zara” denborarekin!!! Zure zakua harrokeriaz erakutsiko diguzu besteoi, zu bezalako “lagun” berriak egingo dituzu, zu bezain puto amoak direnak eta zurea bezalako zaku betea dutenak. Objektuak galdu egin daitezke ordea… eta a tomar por kulo guztia!!!!!!!! Suziriak suizidio bilakatu daitezke gauetik egunera.
Multinazional farmazeutikoak antidepresiboak saldu eta saldu dabiltza, sistemak berak sortutako gaixotasunak sendatzeko asmoz, gauzak beste era batera egin izan balira existituko ez ziren gaixotasunak hain zuzen ere: lehiakortasunak eta estresak sortutako depresio/antsietate/desautoestima egoerak “sendatzeko” botika miragarriak dira botika hauek, gizarte “aurreratuetan” soilik existitzen direnak. “El puto amo” izan behar horretan sokatik eroritako
pertsonak mantentzeko balio duten drogak.
Ez gaitezen engainatu, eta zailtasunak-zailtasun, urratsez-urrats, kolpez-kolpe, aurrera egiten segi
dezagun, kanpotik saltzen diguten zakua betetzen joan ordez, barnean duguna beteaz eta eraikiaz.
Izan daitezen beste batzuk “el puto amo”, utzi diezaiegun zerbait edukitzen, eta guk, bitartean,
pertsona izateko deliberioa egin dezagun! Dugunak ez baikaitu egiten, soilik garenari partxeak jarri.