Paris kabaretaren eta gau zoroen hiriburua izan da betidanik. Pigalle, Lido, Moulin Rouge, Henri de Toulouse-Lautrec… izen hauei guztiei erotika eta berotasuna darie, libertinajea, plazerra. Beroak eta eroak izan dira bertan ere, beste plano arras ezberdin batean, azkenengo hilabeteak; tragediaren eta dramaren antzezpen gordin eta zuzenak.
Orain, urtea amaitzeko zirko mundiala ekarri dute Frantziako hiriburura; badira pailazoak, pinguinoak eta bi hankako asto, elefante, txerri eta txakur andana, beste espezie bitxi batzuren artean.
Zirko honen xedea “Klima aldaketari aurre egiteko, guztion artean adostutako eta epe luzerako plan estrategiko mundiala” adostea da. Etenik gabe ari dira bozgoragailuetatik errepikatzen lurra berotzen ari dela, itsas maila igotzen, muturreko prozesu klimatikoak ugaritzen (uholde, zikloi, lehorte zein montzoi), oihanak gutxitzen, animali/landare/onddo espezieak etengabe desagertzen edota basamortuak hedatzen.
Pariseko zirkoak baditu hainbat zertzelada komiko, dramatiko edota tragiko, baina batez ere patetiko.
Patetikoa da ikustea nola lur planetaren muturreko egoera atzeraezin eta jasangaitz honen eragile nagusiak eta zuzenak (besteren artean, Amazoniaren eta gainontzezko oihan tropikalen deforestazio prozesu masiboak, baleen eta marrazoen kontrolik gabeko arrantza, hondakin erradioaktiboen tratamendu eta lurperatze-prozesu ez seguruak, Wolkswagen-en trikimailuak, ibaien eta itsasoen kutsadura zein kontrolik gabeko gas-isurketak baimendu eta babestu dituztenak) izatea berau salbatuko duten heroiak.
Ez naiz Hippiea, Evaristok esaten zuen bezala “no voy a ir al campo y abandonar la ciudad”, baina argi daukat lurra SOS egoeran dagoela eta irtenbide errealak behar dituela. Lobby-en esku dagoen planeta zoro honetan ordea dolarrak senak baino indar handiagoa du, eta oso zaila ikusten dut nik alternatiba errealak aurkitzea produktibitatearen eta merkatuen esku uzten baldin baditugu bere osasuna eta etorkizuna.
Patetikoak izan gara betidanik gizakiak, handi-nahiak eta botereak itsutzen gaituen izaki hutsalak, “maite” duguna lau txanponen truke saltzeko prest egon garenak beti norberaren estatusa eta “garrantzia” handitzeko asmoz. Patetikoak. Okerrena da, industria eta teknologiaren garapenak, batez ere militarrak, patetiko izateaz gain izugarri arriskutsu bilakatu gaituela.
Beraz, klima aldaketaren zirkoa baino ea noiz antolatzen duten pailazo gorbatadun horiek gizateriaren aldaketaren foroa, Porto Alegrek ireki zuen bideari jarraiki. Gaur patetikoa egunen batean itxaropentsua eta egingarria bilakatu dadin. Lurraren atzera zenbaketaren erlojua tik-tak ari zaigu ordea… hamar, bederatzi…