Subirautza ala Independentzia?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urkijo Elortegi 2016ko urt. 20a, 14:32

Euskal Herria egunen batean estatu subirau bat izango da munduan, egun Angolak edota Finlandiak dituzten estatu-eskubideak izango dituena. Administrazio-antolaketa, zerga-zerbitzu, polizia-eredu edota hizkuntza-politika propioak definitzeko eta garatzeko gaitasuna izango du, eta Frantziarekin eta Espainiarekin muga egingo du. Subirautza-politikoa lortzea estatuaren independentziarako/burujabetzarako urrats oso garrantzitsu bat izango da, baina ez definitiboa. Izan ere, gizarte independiente/burujabe bat eskuratzeak, berau osatzen duten indibiduoen independentzia/burujabetasuna eskatzen du, eta hortik oso urrun gaude gaur egun.

Izan ere, konturatu gabe egutegiaren eta agendaren menpe bizi gara, zikliko eta automatikoki; gabonzaharretik gabonzaharrera, urteak nola pasatzen diren ia ez dugu ikusten. Telebistak edota erlijioek masak kontrolatzeko duten gaitasuna ez da kontu berria, baina herri/auzoetako jaiak? Pintxo potea? Ihauteriak? Ez al gaituzte baldintzatzen/kontrolatzen? Zergaitik ospatu behar ditugu urtero? Zergaitik ondo pasatu? Zer dugu ospatzeko egun horietan? Aiaraldeko herrietako jaiak/ospakizunak desagertuko balira zer? Hara-kiri kolektiboak antolatuko lirateke herrietako plazetan? Era berean, zergaitik bete behar dugu astebururo agenda? Zer dugu betetzeko, denbora ala norbera?

Hari beretik tiraka jarraituz, astelehenak depresio egun eta ostiralak poz-egun izan behar dira derrigorrez: pasa den astelehena urteko egunik depresiboena izan ei da. Astelehenetan lanera pozik doana ez da maiz ongi ikusia, eta ostiraletan behartuta gaude pozik egotera eta asteburuko planak esker-eskuin zabaltzera. Zergaitik? Ematen du asteko egunak markatzen duela norberaren umorea eta ez norberak benetan sentitzen duenak…

Aurten Gipuzkoan eta Bizkaian egiten hastekoak diren herri galdeketetako galderak ez dakizkit, baina nik beste bat gehituko nuke. Nahi al duzu Euskal Herria estatu independiente/burujabe bat izatea, edo soilik estatu subiraua? Zoriontsua izan nahi al duzu herri libre batean edo librea izan nahi al duzu herri libre batean?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide