Mendiarekiko amodioa, mendizaletasuna, txikitatik gure guraso, senide zein lagunetatik heldu zaigun herentzia da, haiek izan baitira gure lehen urratsak ematen irakatsi eta ikusi gaituztenak. Hau dela eta, esan daiteke elkartasuna eta humanismoa direla kirol honen ardatz nagusiak. Gure inguruan dagoen ororekiko errespetuan datza bizimodu mota hau. Natura babestu eta defendatzearen garrantzia erakutsi digute, era honetan lortuko baitugu honetaz gozatzea eta era berean, hainbeste leku magikoez maitemintzea.
Mendia aske izateko gune aproposena da, arauak hausteko tokia, gure egunerokotasunaren arazoei konponbidea aurkitzeko lekua... laburbilduz, libre izateko bazterra. Mendietan barrena, euren gailurretatik hurbil, buruhauste guztiek euren balioa erabat galtzen dute, burua berriz ere hutsik dago bertan, lasaitasuna dago bakarrik gure barnealdean.
Mendiko Lagunak taldean betidanik adierazi dugu gure iritzia mendizaletasunaren izaera kultural eta ekologikoaren sustapenari buruz. Ingurune hau ahalik eta pertsona gehienei hurbiltzen saiatzen gara, honetaz disfrutatu dezaten, eta hauek ere beraien adiskideekin partekatu dezaten. Hau dela bide, lankidetasuna bultzatuz, adin guztietako jendeak gure mendiarekiko zaletasunaren zatitxo bat hartzea dugu helburu, gure proiektu integralari esker.
Txikienekin hasita, “eskola kirola” lagun izanda, mendia euren jolastoki nagusitzat hartzearen alde egiten dugu, hemen biziko baitituzte euren esperientziarik zoragarrienak. Ibilaldi horien helburua, umeek gure inguruko berebiziko paisaia ikusgarriak ezagutu eta bertan gozatzeko aukera izatea da. Urteak aurrera joan ahala, jomuga berriak helduko dira, amets berriak. Hortaz, “gazte mendizaleak” proiektuari esker mendian urratsak ematen jarrai dezakete, hamaika irteerari esker. Mugak zabaltzeko garaia heldu da, Euskal Herriko paraje mistikoenak ezagutzeko garaia.
Apurka-apurka ezagutzek gora egingo dute, eta behin nagusi izanda, mendiak eskaintzen dituen arlo guztiak ezagutzeko aukera izango dute. Eskiak, erraketak, kranpoiak, sokak… ugariak dira erabiltzen diren tresnak, eta horretarako formakuntza ezinbestekoa da segurtasunarekin jokatzeko. Azken finean, mendia gure babestokia da, askatasuna eta zoriontasuna eskutik doazen txokoa.