IRITZIA

What a Time to Be Alive (Hamaika ikusteko jaioak gara)

Erabiltzailearen aurpegia Jon Iturregi 2023ko mai. 18a, 07:01

Astelehen goiza zen eta telelanean nenbilen eguneko notizia Whatsapp bidez iritsi zitzaidanean. Hara non, hori diote behintzat nire familiakoek eta lagun pare batek, lapurrak omen dabiltzan Laudion, X itxurako markak auzotarren ateetako markoen egurrean zizelkatzen. Hori gutxi ez eta mezuak atxikitako bideo bat dakar, non bi pertsona ageri diren, kanpotar itxurakoak biak, ohiko susmagarriak biak, herrikoa dirudien atari batean gora eta behera. Bideoaren azpiko ezker izkinan irakur daiteke bideoa noiz grabatua den: 26-04-23, 19:47:29. Handik aurrera kaosa nagusi nire Whatsapp talde guztietan:

“X-ak markatzen dituzte, konplizeek jakin dezaten zein etxetako jabeak dauden oporretan, behin etxea hutsik, barrura sartu eta amonaren bitxiak osten dituzte”, dio izeko Mari Karmenek. “Ugarte aldetik dabiltza putakume horiek, moroak noski”, dio nire aspaldiko lagun Josuk.

“Ba nik entzun dut Gardea eta Lateorro auzoetako etxebizitza eraiki berri horietakoren batean sartu direla, hori komentatu dute lantegiko atsedenaldian. Puta gentuza, ya sabes”, dio behar lukeena baino gehiago hitz egiten duen tabernari batek.

Kostatu zait. Banekien bideoa nonbait ikusia nuela, banekien Ugarte auzoan lokalizatuta zituzten bi lapur horiek nonbait ikusiak nituela. Kostatu zait, baina azkenean aurkitu dut bideo originala, Twitterren, gainera. Bideoa Katalunian grabatutakoa da, Badalonako auzokide batek etxeko atean jarritako GoPro batekin duela hilabete grabatutakoa, hain zuzen ere. 

Korrika batean hasi naiz informazio hau Whatsapp taldeetatik bidaltzen, egon daitezela lasai, bulo bat dela, FakeNews horietako bat, eta ez dagoela larritzeko motiborik. Nire harridurarako ordea, nire ingurukoen haserrea ez da baretu, nahiz eta argi geratu den albistea kanpaina politiko bete-betean asmo txarrez zabaldutako buloa dela. 

Telelanean nabilela aipatu dut hasieran eta telelana egin bitartean musika entzuteko ohitura dut. Gaurkoan, Drake eta Future raperoen disko zahar batekin nenbilen, What a Time to Be Alive delakoa. Bertan, badago abesti bat honakoa diona: “Are we just supposed to ignore the fact that it never happened?”. Hori da nire galdera, hain zuzen ere: zer nolako munduan bizi gara, non sekula gertatu ez den zerbaitek gorrotora bultzatzen gaituen? Non boteretsuek asmatzen duten errealitate faltsua, zirkinik egin gabe onartzen dugun? 

Hori ala bada, what a time to be alive, edo, beste era batera esanda, hamaika ikusteko jaioak gara. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide