IRITZIA

Absentismo laborala eta bere errima kulturala

Erabiltzailearen aurpegia Jon Iturregi 2023ko uzt. 28a, 06:00

Gaur, adiskide on batek kontatu dit atzo bere lantokiko enpresa bileran jazotako bitxikeria. Enpresako kide guztiak omen zeuden hitzordura deituak: beharginak, bulegariak, sindikatuetako ordezkari andana, nagusiak, eta, pronostiko guztien aurka, Sociedad-Limitadaren jabe (ingelesez, CEO) den enpresa gizon austriarra. 

Ohiko erritmoari jarraiki hasi zuten bilera: lehenik nagusiek urteroko balorazioa aurkeztu zuten eta ondoren sindikatu eta langileen txanda iritsi zen, euren kexa eta eskariak aurkezteko duten aukera gutxienetakoa. Ohiko prozedura beraz, harik eta CEO austriarraren txanda heldu zen arte. Bat-batean, burua ezker eskuin mugituz, gogaitua zegoela eman zuen aditzera eta bere idazkariari, keinuka, mikrofonoa pasatzeko eskatu zion. Tipoak hizkuntzekin dirua egiten bezain trebea dela erakutsi zuen, langileen harridurarako, bere ahoskera arrotzarekin bilerarako propio asmatutako errima bat bota zuenean:

“Absentismo laboral? 
En aiaraldea es cultural.”

Toma. Harrapazak. Seko pozik geratuko zen langileen harriduraren aurrean, bere errima sinple bezain eraginkorrak izan zuen eragina ikusita. Handik aurrera eztabaida: sindikatukoak guztiz ozpinduta, langileak minduta… eta nire adiskide mina isilik, enbarazu ez egiteagatik batetik, shock-ean zegoelako bestetik. 

Kontua da atzo shock-a izan zena haserre bihurtu dela gaur eta, adiskide onek egiten duten eran, haserrea baretze aldera, enpresariaz gaizki esaka hasi garela biok: “langileen osasunaren kontura aberastea bai dela kulturala, euskal enpresa bat erosi baina gaztelera soilik jakitea ordea ez”. Altzairuarekin lanean hasiko balitz, bai hartuko lukeela berak baja azkar askoan…

Gu ez gara enpresari arrakastatsuak, ez gara errimekin enpresa gizon austriarra bezain trebeak eta ez gara bere ama hizkuntzan sortzeko gai, baina ausartu behintzat, ausartu gara bere koplari erantzun liriko bat ematen:

“Absentismo laborala?
Ba, hartzak hik pala.
En castellano no rima,
baina seguru berdin-berdin ulertzen duala ;)“

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide