Badira 10 urte EHU/UPVn egin nuela parte hartze teknika eta metodologien inguruko graduondokoa. 10 urte hauetan, gutako asko aritu gara irmo herritarren parte-hartzearen alde ikerketetan zein prozesuak aurrera eramaten.
Aurrerapauso anitz eman ditugu Euskadin parte hartzearen garapenean. Hala ere amets edo asmo asko ezerezean geratu dira.
Azken bi urte hauetan, gogor entzuten ari da “Gobernu Irekia”-ren kontzeptua. Ez da hain berria, 70ko hamarkadan Erresuma Batuan honen inguruko hausnarketa eta ekintza zehatz batzuk ere eman ziren. Gobernu Irekiak hiru (edo lau segun zeinen arabera) oinarri ditu; parte-hartzea, gardentasuna, kolaborazio publiko-pribatua, eta “accountability” edo jendaurrean kontu ematea.
Eta orain, galdera da: ba al da momentua modu irekiago batean gobernatzeko? Prest al gaude herritarrak zein euskal instituzio publikoak Gobernu Irekiak suposatzen duen aldaketa gauzatzeko? Uste dut aurrera egin behar dugula erakunde publikoak hobetu ditzaketen ekimenak garatzen baina zalantzak ere baditut. Hemen uzten ditut zuen hausnarketarako: Orain arte garatutako parte hartzea behar bezain ona da proiektu handiago batera jotzeko? Ezagutzen ditugun gardentasun ekimenak herritarrek informazioa eskuratu eta ulertzea bermatzen dute? Kontu emateak herritarrok gustuko ez dituzten ekimenak edo gobernuak aldatzeko benetako aukerak ematen dituzte?