Askotan entzuten dugu hau giro politikoetan, gehien bat herritarrek instituzioei eskatuta. Hurbiltasuna behar-beharrezkoa da, noski. Gure gobernuak herritik hurbilago egotea. Hurbiltasun hori, hainbat gauzen artean, jendea entzutean datza, haien beharrak eta egoera ulertzen saiatzean eta guzti horri erantzun bat ematean (beti ezin da aurrera eraman herritarrek eskatutakoa baina erantzuna behar da, gutxienez).
Gero eta larriagoa da hurbiltasun falta hori. Edo behintzat hurbiltasun faltaren susmoa. Gehienetan arazoak edo okerrak bilatzerakoan, aurrekoari begiratzen diogu (kasu honetan politikoei edo instituzioei), baina, guk, pertsonok, ze motako jokabidea daukagu gure ingurukoekin?
Kontuan izaten al ditugu? Haienganako hurbiltasuna lantzen eta bilatzen dugu? ala indibidualizazio eta isolamendu pertsonalaren olatu erraldoi baten menpe bizi gara? Zenbatetan pasatzen ditugu orduak ordenagailuaren, telefonoaren edota beste tresna teknologikoen aurrean gure burua "saretzen" ia ezezagunak direnekin gure familia edo lagunei kasurik egin gabe?
Errekonozimenduaren bilaketaren esklabu, gertutasuna baztertzen dugu eta benetan behar gaituztenei eta behar ditugunak alde batera uzten ditugu (politikagintzan izaten den moduan). Politikariak, instituzioak, etab herriaren islada ote?
Pentsalekura.