Aurrez aurre daukagu udazkena eta udaletxeetako agintaldi amaiera. Duela lau urte, Aiaraldean zenbait aldaketa politiko bizi izan genituen, inoiz baino gehiago. Hauteskunde horietan ia guztiok politika egiteko modu berriaren promesarekin guregana etorri ziren. Balantzea egiteko momentua heltzen ari da eta promesa horiek benetakoak ziren edo ez pentsatu beharko dugu.
Nire ustez, aldaketa sakonak eman dira, nahiz eta hain agerikoak ez izan herritarrontzat. Parte-hartzea gero eta gehiago kudeaketaren egunerokotasunean sartzen ari da. Gardentasuna, kodigo etikoa eta gainontzeko neurriak ere gero eta indar handiagoa hartzen ari dira gure udaletxe eta diputazioetan.
Ez daukadana hain argi da ia neurri eta pauso guzti hauek herritarrongan isla duten. Politikagintzatik jasotzen dugun irudia, telebistak eta gainontzeko komunikabideek baldintzatuta dago eta hortik datorkiguna ez da batere ona.
Udaletxeetan dago benetako politika, herritarrok jasotzen ditugun zerbitzu publiko gehienak erakunde lokalek kudeatzen baitituzte, baina tamalez, gure ingurukoek ondo egin arren, badaude oraindik politika “handi” horretan hain “zintzo” jokatzen ez dutenak eta hori, zoritxarrez, politikari guztien irudiaren kontra doa, nahiz eta gugandik hurbilen lan egiten dutenek lan boluntarioa egin.
Bereizketa egin dezagun bi horien artean, gure alkate eta zinegotziak merezi baitute.