Gero eta ume gutxiago jaiotzen dira. Euskal biztanleria ikaragarri zahartzen ari da azken hamarkadetan. Egoera honi erantzunak bilatzerakoan, pasa den astean entzun nituen zenbait arrazoi: egoera ekonomikoa, langabezia, lan prekarietatea, etxebizitza lortzeko zailtasunak eta abar.
Seguruenik horietan guztietan egia zati bat egongo da. Baina, nire aburuz, arrazoiak bestelakoak dira. Azken urte hauetan bizi izan dugun aldaketa kulturala ikaragarria izan da. Bikote erlazioak eta gurasotasuna ulertzeko ditugun moduak eta, bereziki, balore hedonistekin erlazionatutako bizimodua nagusitu dira gurean.
Askorentzat gurasotasuna ukoz betetako sakrifizio bat da eta “horretarako” momentua gero eta gehiago atzeratzen dugu. Egoera ekonomikoa latza da, baina historiako edozein garairekin alderatzen badugu, ez dugu topatuko momentu hoberik ikuspuntu ekonomiko batetik ikusita. Gainera, gero eta pertsona gehiagok ulertzen ditugu amodioa eta bikote erlazioak joan etorriko kontu bat bezala, eta horregatik da geroz eta zailagoa pertsona eta momentu “egokia” topatzea.
Hori guzti hori esanda, ez dut orain daukagun bizimodua kritikatu nahi, inoiz baino libreagoak baikara geure bidea aukeratzeko, aurreiritziak eta “egin beharrekoaren” inguruko prezio soziala gero eta ahulagoak baitira. Baina ez genioke gizartearen zahartzea “sistemari” leporatu beharko.