Atzo, urtero bezala, Maiatzaren Lehena ospatzeko manifestazio batera joan ginen. Bilborako tren ordutegiak bilatu genituen interneten eta, … hau ezusteko atsegina!: 11:00etarako ezohiko tren bat zegoen jarrita. Maiatzaren 1a izateagatik zela otu zitzaigun, eta hori aukeratu genuen Laudiotik Bilbora joateko.
“Inozoak!”, esan genion geure buruari geltokira heltzean. Jende nahikotxo hurbiltzen zen trenera, eta gehienek lepokoak, kamisetak edota Eurovision lehiaketan espresuki debekatu ez dituzten bandera zuri-gorriak eramaten zituzten. Gainontzeko geltokietan berdin: gizonezko eta emakumezko gazteak zein helduak, taldeka zein bakarka; gurasoak seme-alabekin ...
San Mameseko geltokiraino joan ginen; trena hustu egin zen. Estadioan ia 40.000 ikusle sartu ziren atzo.
Kalean jende uholdearen kontra ibili behar genuen gure manifestazioaren abiapuntura heltzeko. Bertan ere adin guztietako gizonezkoak eta emakumezkoak biltzen ginen; hori bai, proportzionalki San Mamesen baino emakume kopuru guztiz handiagoa zegoen. Bazeuden ere Atlhetic-en aldeko sutsuak, aukeran gurekin egotea aukeratu zutenak. Baina ez ginen 40.000.
Langile klasekoak sentitzen garenok errealitatean ez gaudela esaten duenean, arrazoia izango du Urkulluk? Ez dago jada langile klaserik?