Euskal Herriko langilea naiz, eta hauteskundetan erabakia hartzeko ezabapen edo kanporaketa metodoa erabili dut. Metodo hau erabilita azkar asko heltzen zara erabakira. Baina horretarako klase borroka badagoela ikusi behar duzu, eta borroka hori historiaren faktore erabakigarria dela sinetsi. Hori ezinbestekoa da borrokaz eta etsaiaz ez okertzeko.
Lehenengo kanporaketa berehala gauzatzen da. Ez diozu botoa emango langileen kontrako erreformak egin dituztenei, murrizketak ezarri dizkietenei eta langileei eskubideak kendu dizkietenei. “Langile” hitzari alergia dietenak berehala antzematen dituzu. Alderdi batzuk, aldiz, hizkuntzaren bidez ezkutatzen dituzte euren lehentasunak: ezkertiarrak direla, langileen alde lan egiten dutela…, baina politika neoliberalak proposatu eta ahal dutenean ezartzen badute, neoliberalak dira; eta orduan, ez dute langile klasearen alde lan egiten.
Aurreko ariketaren ondoren alderdi bat baino gehiago geratzen bazaizu ikerketa txiki bat egin behar duzu: niri esaten didatena guztiei esaten diete, edo non dauden araberako diskurtsoak eta argudioak erabiltzen dituzte? Erantzunaren arabera jakingo duzu nork sartuko dizun ziria hauteskundeak eta gero.
Nik metodo hau erabiliz hartu dut erabakia. Baina ulertzen dut metodo hau ez dela lagungarria bere burua langile klasetik kanpo ikusten duen langilearentzat. Langile mota horiek ez dakite borroka eta etsaia ondo identifikatzen.