Ibarretxeren hiztegian “langile” hitza ez zegoen. Lehendakari izan zen bitartean (10 urte) ez nion inoiz entzun hitz hori; “herritar” hitza bai, askotan. Agian berarentzat klase borrokarik ez dago, edo ez da historiaren faktore erabakigarria. Guztiok talde bakar bat osatzen badugu klase borroka ezinezkoa da; baina Ibarretxek ez zituen klaseak ukatzen, enpresari-klaseari buruz eta bere garrantziaz askotan hitz egiten zuen eta.
Patxi Lópezek erabiltzen zuen “langile” hitza, eta langilearekiko begirunea oso ondo erakutsi zuen: milaka langilek (eta herritarrek) jasaten dituzte oraindik bere gobernuak ezarritako murrizketak. Gaitz erdi ezkertiarrak direla, nahiz eta alderdiaren euskal siglak O letra ez izan.
Urkullurentzat klaseak badaude, baina “benetako munduan” bakan batzuk besterik ez. Martxoaren 22an Urkulluk esan zuen batzuk errealitatetik kanpo daudela; eta argi utzi zuen nortzuk daude barruan: patronala eta gobernua (ikusi Berria). Langileak ez omen daude errealitatearen “barruan”. Patronalen ordezkariekin izandako bilera batean libratu zituen ideia horiek.
Orain dela gutxi Jaurlaritza eta Konfebask haserretu ziren, lehenengoak 35 orduko lanaldia berreskuratzeagatik. Baina elkarren arteko sinbiosia premia-premiazkoa da bientzat, eta berehalako konponbidea aurkitu dute. Martxoaren 22an zauria josi zuten. Errua ez omen da berea; patronalak berak bere buruari egindako inkesta baten arabera langabeziaren arazoa ez da konpontzen langabetuen jarreragatik, eta gazteen “gose faltagatik”. Dirudienez eskaintzen dituzten lan baldintzak ezin hobeak dira.
Elkarretaratze horretan Urkulluk konpondu zuen 35 orduko lanaldiarena: patronalak ez du lanaldi hori ezarri behar, “edozein herritarrek daki lan baldintza desberdinak daudela atal publikoan eta pribatuan”. Bikaina! Langile klasea zatitzen baduzu, menderatzea guztiz errazagoa izango zaizu.
Langileentzat arazo larrienak ez dira patronalen eta gobernu neoliberalen jarduerak eta arrazoibideak; larriena da langile askok beren burua langile klasetik kanpo ikustea.