Ez dakigu zer dagoen irudiko ate atzean. Ez dakigu barrualdea apala edo aberatsa den. Ez dakigu marokoar familia batena den, edo europar aberats batena.
XX. mendeko bigarren eta hirugarren hamarkadetan hainbat dirudunek Marrakech-eko bizileku tradizionalak erosteari hasiera eman zioten; mendearen azken hamarkadan booma bihurtu zen ohitura, eta gainbeheran zeuden medinako eraikin ugari atzerritarrek erosi dituzte. Horregatik ez dakigu argazkiko atearen bestaldean zer dagoen; birgaitu behar den bizileku tradizional bat, edo atzerritar batek atondutako riad bat, jauregitxo bat. Bata izan edo bestea, arabiar kulturako antzinako usadio bat mantendu da atean: bi aldaba.
Arabiar kulturan etxeen edertasuna ez da agerikoa aurrealdean, etxe barruan gordetzen da. Norbaiti atea irekitzean etxeko eta familiako barrentasunak agerian jartzen dira, baina barruko kontuen erakustaldia kanpotarrekiko konfiantzaren araberakoa izango da: fidakorra, adiskidetsua eta jatorrizkoa; edo zuhurra, hotza eta naturaltasun gabea.
Gure bidaia bukatuta hau dakigu: Marokon sartzeko argazkiko atea erabili bagenu, goiko aldaba joko genukeen.
Bi aldabarena ohitura zaharra da. Behekoa haurren eskura jarrita dago, eta etxekoek jotzen dute; kanpotarrek (edo kanpotar batekin heltzen badira etxekoek ere) goikoa. Aldabek soinu desberdina egiten dute jotzen dutenean, horrela barrukoek badakite zer jarrera eta itxura erakutsi behar dituzte atea irekitzean. Adibidez, emakumeak hiyab jarriko du goiko aldabak jotzen badu.
Gu turista arrotzak bezala sartu gara Marokon, eta goiko aldaba egokitu zaigu. Jarrera egokiarekin egin digute harrera, baina ez hurkoekin izan ohi den jokaerarekin. Barnealdeko ikusgarriena erakutsi digute eta adeitsuak izan dira gurekin. Baina agerian ez dagoena antzemateko ahaleginak egin behar dituzu, bazterrak miatzen edo tapizak altxatzen. Ahaleginetan tematua eta jarraikia ez bazara, gainazalekoa besterik ez duzu igarriko.
Eta sakonkiago ezagutzeko itzultzen bagara?
Azken oharra
Eskerrak berriro Wegoaz bidai agentziari eta Aiaraldea komunikazio leihoari bidaia eskaintzeagatik.
Aiaraldea komunikazio leihoari esker aste bateko bidaia batek hiru hilabete iraun du. Kronika xume hauek idatzi ditudan bitartean Marokoko bidaiaz jarraitu dut gozatzen. Eskerrak berriro.