Bidaia Marokon (7). “Caravasar”

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2016ko eka. 22a, 22:27

Funduq” hitza itzultzeko ‘ostatu’ edo ‘benta’ erabil dezakegu. Bidai honen oroipen batzuen kontakizuna amaitu baino lehen,  ezin diot eutsi funduk deitutako leku hauei buruz zerbait esateari.

Bidaia prestatzerakoan piztu zitzaizkidan Marrakech-eko ostatu hauek ikusteko gogoak; hitz bat izan zen erruduna. Ez zitzaidan gertatu antzinako hotel hauei buruzko informazioa irakurri nuen lehenengo aldian. Erakarpena bat-batean agertu zen “caravasar” hitzarekin ere izendatu daitezkeela enteratu nintzenean (persieraz: karvansara; karvan: bidaiariak, eta sara: ostatu). Hitzak nire nerabezaroaren lehenengo urtetara eraman gintuen.

Hamabi, hamahiru edo hamalau urterekin ekialdean girotutako istorio bat irakurri nuen, gazteleraz. Orain ez dut lortzen izenburua gogoratzea, ezta istorioaren argumentua ere; pasarte bat besterik ez dut gogoratzen, eta oso irudi lausoekin.  Caravasar batean gertatzen zen, eta oraindik argitasun osoz gogoratzen dut nire buruan marraztu nuen lekua pasarte hori irakurtzean.

Ilargiaren argi ahul azpian basamortuko areetatik sortzen irudikatu nuen eraikin karratu hura; barruan patio handi bat zegoen aretoz, gelaz eta galeriaz inguratuta. Ilargiak egindako ibilbidea laburra zen oraindik, eta barruko mendebaldeko aldea besterik ez zuen argitzen; ekialdekoa iluntasunak menderatzen zuen. Gune karratu haren inguruko galerien azpian gizaki batzuk tentu handiz mugitzen ziren. Ez dut gogoratzen maltzurren itzalak ziren edo maltzurrengandik ihes egiten zutenenak; bai, ordea,  gaua eta gaueko zaratak beraien mesederako erabiltzen zituztela.  Iluntasunak ikusezinak bihurtzen zituen, eta mugitzean sortarazten zituzten soinuak, atsedenerako  ostatua hartu zuten gizakiek eta hauen abereek egiten zituzten gaueko zaratekin nahasten ziren.

Soinu errepikakorragatik agian, Caravasar hitza iltzatuta geratu zen nire hiztegian; entzuten edo irakurtzen dudan bakoitzean, irudikatu nuen leku ilun eta misteriotsu hura berpizten da nire buruan.

Marrakech-eko funduqs edo caravasar direlako horiek medina barruan daude; Zetaren Bideko eta Asiako zein Ipar Afrikako beste merkataritza ibilbidetan hirietatik kanpo zeuden, eta handiagoak ziren ere. Marrakech-ekoak medinaren hirigintzari moldatu behar ziren, baina caravasar baten egitura bera daukate: eraikin karratuak edo errektangeluarrak dira, sarrera bakar batekin; zamabereentzako eta salerosgaientzako aretoak patio zabal baten inguruan daude; goiko solairuan patiora jotzen duen galeria ireki batera merkatarientzako gelak irekitzen dira.

Marrakech-eko medinan errez identifikatzen dira; funduq baten sarrera beti da handiegia kaleetako beste eraikienekoekin alderatzen badugu. Etxebizitzen ateak txikiak eta baxuak dira; horrela egiten omen zuten hiriak sarraldi bat pairatuz gero, etsai zaldunen sarrera galarazteko. Baina caravasar- etan zamabereei eta hauek eramaten zituzten salerosgaiei sarrera erraztu behar zieten.

Marrakech-eko medinan ugariak ziren eraikin hauek; horietako hainbat birgaituta daude. Guk dozena erdi bat ikusi genituen, batzuk artisauentzako guneak bihurtuta. Ez dira ereduzko caravasar-ak bezain handiak; dena dela orain dela urte asko irudikatu nuen leku misteriotsu hura, Marrakech-en aurkitu dut ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide