Ifranen , bidaiaren erdiko lerroa pasatu aurretik, Josune eta biok bidaia-taldea utzi genuen. Ifrane itsas mailaren gaineko 1.713 m-etara dago; frantsesek eraiki zuten1930ean, eta ez du Maroko ematen. Sei orduko bidaiaren ondoren Marrakech-era heldu ginen. Gure hotela hiri berrian zegoen (ville nouvelle), eta iritsi ginen arratsaldean ikusi genuena Europako hiri baten antza zeukan; ez zeukan zer ikusirik hogeita hamar urte aurretik biok ikusitako hiriarekin.
Egun batzuk egon ginen Marrakech-en, eta behin edo oso gutxitan joaten diren turistek ikusten dutena ikusi genuen: Bahia Jauregia, Ali ben Youssefen madraza, Kutubiako minaretea, Yamaa el Fna enparantza egunez eta gauez … Leku eta gauza guztien artean Saadiarren hilobiak harritzekoak iruditu zitzaizkidan. Ikusgarriak eta harrigarriak dira monumentua edo lekua beragatik, baina mirestekoagoa iruditzen zait hiru mendetan zehar hiri erdian ezkutuan egotea.
Saadiar dinastiak 1554 eta 1659 bitartean agindu zuen Marokon. Ahmad al-Mansur (1578-1603) izan zen bere sultanik inportanteena. Bere sultangoan eraiki ziren Saadiarren hilobiak. Hamarkada batzuk geroago, gaur egun Marokon agintzen duen Alauitar dinastiak Saadiarrak menderatu zituen. Mulay Ismailek, Marokoko bigarren sultan alauitarra (dinastia beraren laugarrena), hormaz itsutu zituen hilobiak, aurreko dinastia ezkutatu eta ahazteko. Eta lortu zuen: 1917 urtera arte ezkutuan egon ziren. Nola izan da posible hiri erdian dagoen gunea ikusezin bihurtzea?
Argazkiko hormak ia itsuak dira; Saadiarren hilobiak ixten edo inguratzen dituztenak dira, baina Marrakech-eko medinaren edozein kalekoak irudika ditzakete. Eraikin gehienek ez dute kaleetara irekitako leihorik edo hutsarterik, eta izatekotan txikiak edo xaretekin estaliak dira. Musulmanek garrantzi handia eman diete familia-bizitzaren intimitateari; etxe baten aurretik igarotzean kalean ikus daiteke baino gehiago begiratzea edo ikustea, familiaren barrukotasunean muturra sartzea litzateke. Intimitatearen balio handi horrek eragina izan zuen hirigintzan, eta arauak ezarri ziren babesteko: goitik besteen etxeak ez ikusteko eraikinen garaiera maximoa, leihoak kanporantz eraikitzeko debekua, atea beste auzokoaren ate aurrean ez egitearen agindua … Etxea barrurantz irekitzen da, erdian dagoen patiora; eta patiotik irekitzen da zerura, baretasunerantz.
Saadiarren hilobien eraikina barrurantz eta zerurantz irekitzen da ere; gainera pasabide estuegi batetik heltzen da hilobietara. Mulay Ismailen itxiaren agindua bete zenetik inor ez zen berriro sartu, 1917an aireko argazki batean gunea berraurkitu zuten arte.
Mulay Ismailek desagerrarazi nahi izan zuen aurreko dinastiaren oroimena. Baina boterea gauzatzeko antzinako metodoa ez zuen baztertu, eta Alauitar dinastiarekin gaurdaino iraun du.
Aipatutako Ahmad al-Mansur saadiar sultanak mendeak iraun duen estatuko botere eta administrazio eredua ezarri zuen: Majzen. Berak ez zuen asmatu, edo ez zion hasiera eman, baina XI mendetik haurreko dinastiek erabilitako sistema perfekzionatu zuen. Majzen hitzak ‘biltegi’ esan nahi du literalki; erlazionatuta dago Marokoar estatuak biltzen zituen zergekin, eta hitz horrekin Marokoar estatua eta haren oligarkia izendatzen zen.
Gaur egun ofizialki existitzen ez den instituzio bat da; eta Maroko bada ‘biltegia’. Ofizialki existitzen ez den Majzen delakoan parte hartzen dute erregeak, bere familiak eta ahaideek, lurjabeek, aginte militar gorenek, eta orokorrean botere faktikoek; hots, elite erauzle marokoarra. ‘Biltegitik’ nahi dutena erauzten dute. Zehaztugabeko Majzen delakoaren kidea izatea oinordetzako ondasuna da askotan.
Gobernua Majzen-en baliabidea besterik ez da, baina ez kidea; gizarte klaseen kontua. Ez da antzekoa gertatzen demokrazia liberaletan?
Ahmad al-Mansurrek eraikitako hilobiak ezkutuan egon ziren hiru mende baino gehiago. Baina berak perfekzionatu zuen Majzen-a ez du atsedenik hartu eta, nahiz itzalpean, berean jarraitzen du: bortitza, autoritario, arbitrario, zapaltzaile eta herriaren aberastasunen erauzle. Norbaitek horma artean sartuko du hiru mende gutxienez?