Askok bidaiariak garela esaten dugu, baina denbora edo baliabide faltagatik, eta batez ere ausardia urriagatik, bidaiari izateari muzin egiten diogu gehienetan, eta geure buruari engainatuz turistak bihurtzen gara. Hori sentitu nuen Fez-en, turista hutsa nintzela.
Ez dakit Fez-eko medina Dedaloren labirintoa bezain korapilatsua denik, baina gu ez ginen sartu gure baliabide hutsekin, Teseok labirintoan egin zuen moduan. Gu hiriko gidari batekin sartu ginen, eta honek beste gizon gazte baten laguntza eraman zuen.
Gidariaren laguntzailearen eginbeharra gutariko inor ez galtzea zela esan ziguten. Baina nire bermerik gabeko ustetan guk ahalik eta eragozpen gutxien izateko eta beraiek aukeratutako saltokietara bideratzeko zen laguntza.
Antzinako gotorleku baten oinetan eta goizeko eguzkia sorbaldetan, lehenengo ikustaldia Fez-eko hegoaldeko muinoetatik eman genuen. Goitik Kairauine-ko meskita (eta bertan munduko unibertsitaterik zaharrena) nabarmentzen zen haren teilatu berdeagatik. Medinaren barnealdetik zaila da ikustea, auzoko karrikek eta etxeek mendeetan zehar inguratu dute eta. Beste teilatu berde batek (kolore sakratua omen da) Moulay Idriss-en meskita-mausoleo seinalatzen zuen.
Labirintoan sartuta ezin genuen ibilbidea aukeratu, gidariek eraman gintuzten. Aipatutako eraikinetara, Atarine madrazara (goi mailako eskola musulmana) eta hainbat leku historiko gehiagora hurbildu ginen. Kale estuetatik asto zamatuek hormen kontra jartzen gintuzten. Dendetatik dei amultsuak egiten zizkiguten. Mutilek larruzko huskeriak eskaintzen zizkiguten dirham batzuen truke. Gizon bat ikusi genuen hobi septiko bat husten (soka, ontzi bat eta eskuak besterik ez zuen erabiltzen).
Hainbat lekutara eraman gintuzten gidariek antzinatik aldatu ez diren lanbideak ikusteko. Larru-ontzaileak, urregileak eta oihal-egileak ikusi genituen lanean. Erakustaldiak amaitzean salmentak hasten ziren. Bisitatu genuen larru denda labirinto barruko beste labirintoa zen. Taldeko inork ez zuen erosteko interesik erakusten, baina solairu batzuetako labirinto txiki hartan egonaldia luzatu zitzaigun; azkenean (errukituta edo aspertuta, batek daki) saltzaileek irteera erakutsi ziguten. Oihal biltegian, aldiz, ia gehienok egin genituen erosketak.
Medinan bizi diren gizakiek ahaleginak egiten dituzte bizimodua aurrera eramateko, behin baino gehiagotan ahalegin antzuak. XX. mendeko 60eko hamarkadan nekazari-exodoak marokoar asko ekarri zituen Fez-era bizitza hobeago baten bila; askok eta askok ez zuten lortu, eta oinordekoek bilatze berbera dute helburu oraindik; bitartean txirotasunak bere horretan segitzen du.
Arrotzak izan ginen medinan: gidarientzat, aldi bakar bateko bezeroak; dendarientzat, balizko bezero apetatsuak; kafeetako zerbitzarientzat, te soil batetik Marokoko mami osoa atera nahi zuten turista inozoak; guregandik ezer aterako ez zutenentzat, eragozpen bat.
Basamortuetan oasiak dauden moduan, taldeko bakan batzuei baldintzarik gabeko harrera atsegintsu bat egin ziguten haur txiki batzuek. Leihorik gabeko gela ilun batean zeuden; argia atetik sartzen zen, eta leku beretik ateratzen zen barruko jarduna. Haur txikientzako eskola bat zen. Arreta jarri genien barrutik ateratzen zen erretolikari eta atean zegoen gizon batek keinuak egin zizkigun sartzeko. Barruan hamar bat haur zeuden maistra batekin; honek haurrei hitz egin zien eta txikiek haur kanta batzuk eskaini zizkiguten. Ikusgarriak ziren ikasleen irribarre pozgarriak eta zabalak, dohainik emandakoak. Une hartako magia sartzeko gonbitea egin zigun gizonak apurtu zuen; ateratzean eskupekoa eskatu zigun.
Haurren harrera benetakoa izan zen. Gure harreraren onarpena beraien irribarreak bezain doakoa izan zen? Ez nago ziur.