Atzo Urduñako Aintzinako Andra Maria ikastetxeko LH 5. eta 6. mailako ikasleek Legaireko zelaiak ibili zituzten. Bi helburuk eramaten zituzten leku eder horretara: Euskal Herriko geografia begiztatzea, eta gure lurraldearen historiaren lehenengo hastapenak behatzea.
Eguraldia lagungarri, lehenengoa betetzeko izugarrizko talaia aukeratu zuten: Mirutegi mendiko tontorra. Mendi honek 360º-ko ikusmena eskaintzen du: mendebaldean Arabako lautada; ipar-mendebaldean Gorbeia, atzetik Bizkaia imaginatzeko; iparraldean Gipuzkoako mugak: Elgea mendilerroa, Aratz eta Aizkorri; ipar-ekialdean Aralar mendilerroa, Txindokitik Mikel Deunaren santutegiraino; ekialdean Beriain, bere atzean Iruña imajinatzeko. Ikasleek urruneko ganduen eta tontorren atzean Iparraldeko lurraldeak kokatu zituzten. Hegoaldean Kantauriko mendilerroa agerikoa zen, atzean Arabar Errioxa kokatzeko; eta Kodesekoa, Kanpezuko koadrila eta Nafarroa arteko muga.
Bigarren helburua erraztasun osoz betetzen da Legaireko zelaietan. Harri Aroko, eta Brontze edota Burdin Aroko aztarnak ugariak dira. Gure arbaso zaharren oroitarriak, bertan bizi zirelako ezaugarri garbia. Bi trikuharri eta lau menhir ikusi eta ukitu zituzten ikasleek. Orain dela 5.000 bat urte hasi ziren lehen-gizakiak oroitarri hauek eraikitzen.
Txangoa bukatzeko Legaireko aztarnarik ikusgarrienera heldu ziren: Mendiluzeko mairubaratzera (cromlech). Mendiluzeko harrespilak 4 menhir eta 80 harri txikiago inguru ditu; menhir bakoitzak puntu kardinal bat seinalatzen du.