Bidaia Marokon (4) Meknes, geldialdi lasterra

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2016ko mai. 24a, 08:43

Meknes Marokoko lau hiri inperialetako bat da; Marrakech, Rabat eta Fez dira besteak . Fez-erako bidaian bisita labur eta azkarra eman genuen Meknes hiria ikusten. Ia-ia han egon ginela esateko balio zuen, besterik ez.

Meknes Marokoko hiriburua izan zen 1672 eta 1727 bitartean. Mulay Ismailek (oraindik Maroko gobernatzen duen alauitar dinastiaren bigarren sultana) Meknesen ezarri zuen Marokoko hiriburua. Sultan honek, “Safaq Adimaa”ezizenez ezagutua ere (odolaren egarria), odola isuriz menderatu zuen Maroko; bere eskuz hil zituen milaka esklabo,  gatibu eta etsai. Bere gehiegizko zaletasunen artean esklaboak hiltzea omen zegoen, eta hogeita hamar milatik gora hil zituela esaten da.

Hildakoak bezain ugariak ez ziren izan, baina ehunka seme izan zituen. Dena dela oinordekorik ez zuen izendatu, eta hil zenean seme askoren arteko liskarrek anabasan murgildu zuten Maroko.

Meknesen El-Hedim enparantza, Mulay Ismailen mausoleoa eta Heri-es-Suani aletegiak eta zalditegiak bisitatu genituen. Azken hauek aho zabalik utzi gintuzten. Mulay Ismailek egindako guztia neurriz gainekoa izan zen; zalditegiak eta zaldientzako aletegiak egiteko eskala berbera erabili zuen, beharra itzela zen eta: 12.000 zaldientzako lekua eta bazka behar zituen.

Aletegiak eraberrituta daude. Leiho txikiegiek, horma lodi samarrek eta lur azpiko ubideek tenperatura eta baldintza egokietan mantentzen zituzten laboreak eta bazka. Ate txiki batetik sartzen da barrura, baina aletegi ilun baten erdian aurkitzen zarenean izaki hutsala bezalakoa ikusten duzu zeure burua.

Zalditegiak ez daude berrituta.  Teilatu gabeko eta arkuz lotutako horma lodiek, gune erregularretan banatutako eremu erraldoiak, eta norabide guztietara sortzen diren pasabide kontaezinek sentsazio adieraztezinak sortarazten dizkizu. Suerte izanez gero, eta ia turistarik gabe ikusten baduzu, isiltasuna lagungarria izango da antzinako zaldien, esklaboen eta soldaduen zaratak, solasaldiak eta biraoak irudimenean entzuteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide