Joan den maiatzaren 4an Larruazabalgo ordenantzen onarpenaren 500. urteurrena ospatu zen. Larruazabalgo herrien lehenagoko aipuak eta dokumentuak badaude, eta horrek esan nahi du orain dela bost mende ordenantzetan idatziz jaso zutena aurreko usadioak eta ohiturak zirela.
Erdi Aroan ugariak omen ziren holako elkartzeak, baina Larruazabal Batzarena ohiz kanpoko kasu bikaina da; gaur egun geratzen omen den bakarra.
Jose Ignacio Salazar Arechaldek historialariak, eta berarekin oso estu lan egin duten bakan batzuk, ahaleginak egin dituzte denona den ondare ukiezin hau ahalik eta jende gehien ezagutzeko. Horretarako hilabetean zehar hainbat hitzaldi antolatu zituzten.
Jose Ignacio Salazarrek ireki zuen hitzaldi zikloa bere liburua “La comunidad de aldeas de Orduña. La Junta de Ruzabal” aurkezteko; eta gaur itxi du ere, 1808 eta 1936 arteko azalduzko garaiei buruzko hitzaldiarekin. Bere hitzaldietan egon ez direnek, edota Larruazabalgo historia ezagutu nahi dutenek, aukera dute Salazarrek jorratutakoa irakurtzeko argitaratutako liburu berrian.
Baina beste bi hizlari pasatu dira Urduñako Alondegia aretotik Larruazabal Batzaren berezitasunak azaltzeko: Alberto Santana eta Juan Manuel Gonzalez Cenbellin.
Santanak Larruazabalgo herritar, etxe eta herrixken nobleziari buruz hitz egin zuen. Probokatzaile papera hartu zuen hitzaldiaren hasieran; ematen zuen zalantzan jartzen zuela Larruazabalgo euskalduntasuna edo bizkaitartasuna, baina oso erakargarria izan zen bi orduko hitzaldi baten ondoren, konklusio honetara heldu zen: Larruazabalgoek betidanik egin dituzte ahaleginak libre izateko, eta lortu ere. Eta orain dela 500 urte bizkaitarrak izatea aukeratu zuten libre izaten jarraitzeko. Aiarako jaun feudalaren botere gogor eta bortitzari aurre egiteko, Bizkaiko forua aukeratu zuten. Foru honetan herritar guztiak ziren kapareak, edo hidalgoak (libreak azken finean), eta ez jopuak, edo zerbitzariak; horregatik aukeratu zuten bizkaitarrak izatea, bizkaitarrak izatea zaila zen leku batean. Baina, nahita ere, Bizkaiarekin desberdintasunak mantendu zituzten.
Gonzalez Cenbellinek “Hiribildu eta lur komunitatea. Batera, baina nahastu barik” aukeratu zuen hizpide. Honek ere uste du Larruazabal Batzakoa ondare ukaezin paregabea eta harrigarria dela, eta ez dela ospatzen eta goraipatzen merezi duen neurrian. Gonzalez Cenbellinek azaldu zuen lehengo denboretan antzeko batzarrak ugariak izan arren, mirestekoa dela Laruazabalgoa gaurdaino irautea.
Larruazabalgo herritarrek ez dute bere Batzarra ondare kultural hutsa bezala ikusten; beraienak eta ez beste inorenak diren eskumenak dituztela oso barneratuta izateaz gain, gauzatzen dituzte.